Angula arrantzatzeko kanpaina bertan behera utzi du Eusko Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria

Espeziearen egoera okertu delako, angularen arrantza profesionalaren kanpaina bertan behera utzi du Eusko Jaurlaritzak, bigarren urtez segidan.

"Europako aingiraren (Anguilla anguilla) egoera kritikoa eta espeziearen hilkortasuna murrizteko nazioarteko gomendio zientifikoak kontuan hartuta" erabaki du Eusko Jaurlaritzak angularen arrantza profesionala bigarren urtez beheran behera uztea. Erabakia, "ekainaren 18ko 77/2024 Dekretuaren babesean hartu da. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko angula-arrantza profesionala arautzen du, eta arrantza-denboraldia irizpide tekniko eta zientifikoen arabera aldatzeko edo bertan behera uzteko aukera jasotzen du".

Erakunde horren arabera, "erabakia Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluaren (ICES) gomendioetan oinarritzen da. Erakunde horren arabera, Europako aingiraren egoera “kritikoa” da. Erreklutamendua, hau da, gure ibaietara eta estuarioetara iristen diren angulen kopurua, erreferentzia-mailatik behera dago duela hamarkada batzuetatik. Erreferentzia-maila hori 1960tik 1979ra bitartean erregistratutako batez besteko erreklutamenduari dagokio. Gure eremuan, 2025ean maila horren % 12,1ekoa zen, eta 2026an are gehiago jaitsi da, % 6,4ra arte. Horregatik, ICESek zero harrapaketa gomendatzen du espeziearen habitat eta bizi-fase guztietan, angula barne".

Azken urteotako "kudeaketa- eta kontserbazio-neurriak" ez dira aski izan. Ondorioz, "txosten horiek agerian uzten dute Europako aingiraren populazioa Europar Batasunak ezarritako berreskuratze-helburuetatik oso urrun dagoela oraindik".

Jaurlaritzatik gogora ekarri bezalaxe, "Europako aingira desagertzeko arrisku kritikoan dagoen espezie gisa sailkatuta dago Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren (UICN) Zerrenda Gorrian 2008az geroztik (azken ebaluazioa 2020koa da). Zerrenda hori mundu mailako erreferentzia nagusia da espezieen desagertzeko arriskua ebaluatzeko". Horrez gain, espezie horri buruz gauza bera dio Jaurlaritzaren esanetan, "2025ean Espainiako Zerrenda Gorrian egindako azken ebaluazioak" nahiz "Espainiako Arrain Kontinentalen Atlasak eta Liburu Gorriak ere (Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa, argitaratze-prozesuan)".

Aurtengo arrantza kanpaina bertan behera utzi izanak sektorean izan dezakeen eragina tarteko, arrantzale profesionalei zuzenduriko laguntzak aztertzeko asmoa agertu du Eusko Jaurlaritzak. "Laguntza horiek Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsaren (FEMPA) bidez bideratu ahal izango lirateke, betiere aplikatu beharreko Europako eta Estatuko araudietan ezarritako baldintzak betetzen badira. Helburua da arrantza-sektoreari laguntzeko aukerak aztertzea, espeziearen berreskurapena bultzatzeko beharrezkoak diren murrizketen aurrean".

Laginketak
Horrez gain, Jaurlaritzatik aditzera eman dutenez, "foru-aldundiak, Uraren Euskal Agentzia (URA), Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), ikerketa-zentroak, elkarte ekologistak eta espeziearen kontserbazioan inplikatutako beste eragile batzuk" kide dituen "Euskadiko Europako Aingiraren Kudeaketa Plana berrikusteko prozesuaren barruan" lankidetza sustatu dute sektorearekin, "AZTIk Oriako estuarioan egiten dituen angulen laginketa zientifikoetan parte hartzeko. Ekimen horri esker, arrantzale profesionalek inguruneaz duten esperientzia eta ezagutza espeziearen jarraipen zientifikoko lanetan txertatu ahal izango dira".

Lankidetza horren "helburua da kudeaketa jasangarri baterantz aurrera egitea, epe luzera espeziearen kontserbazioa eta jarduera profesionalaren etorkizuna bateragarri egiteko".

Laginketon helburua, "angulen erreklutamendua neurtzea da, hau da, urtero gure estuarioetara eta ibaietara iristen diren ale gazteen kopurua kalkulatzea. Adierazle zientifiko nagusietako bat da Europako aingiraren populazioaren bilakaera ebaluatzeko".

Azarotik otsailera egiten dira neurketok, "metodologia zientifiko estandarizatu bati jarraituz. Metodologia horrek aukera ematen du urte desberdinetako emaitzak alderatzeko eta populazioaren epe luzeko joerak aztertzeko. Oria ibaia Euskadin aingiraren jarraipen integrala egiteko arro pilotua da, eta bertan jasotako datuek ICESek Europako aingiraren erreklutamendua kalkulatzeko erabiltzen dituen datu-serieetako bat osatzen dute. Horrela, datu horiek nazioarteko ebaluazio zientifikoetan laguntzen dute, eta AZTIk ere parte hartzen du ebaluazio horietan".