Atxegaldeko jaien etorkizunaz bilera ireki erabakigarria 19:00etan Jai Batzordearen lokalean

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 23a, 08:42

Abuztu amaieran auzoa girotzen duten jaiak antolatzen segi ahal izateko laguntza behar dute; prestaketa lanetan parte hartu nahi duten guztiei zuzendutako bilera irekia antolatu dute ostegun honetan, hilaren 23an, 19:00etan auzoko festen antolakuntza lokalean.

Errelebo beharrean da Atxegaldeko Jai Batzordea. Hamarkadetako etenaldiaren ostean, festak auzoko plazara bueltan ekarri eta 13 bat urtez festak antolatzen aritu ziren taldeko kide gehienek haien ibilbidea amaitutzat eman zuten azken edizioan. Agur kutsua izan zuten honenbestez, 2019ko auzoko jaiek. 

Errelebo beharrean da orain aipatu batzordea. Atxegaldeko festen etorkizuna batzorde honen bueltan bildu daitekeen gogo eta indarren baitan dago. Elkartu daitekeen laguntzaile kopuruak erabaki dezake festok ospatuko ote diren, abiatu berri dugun 2020. urte honetan. 

Horretarako, bolondresei, jaien antolakuntzan parte hartu edo laguntzeko prest egon daitezkeenei deia egiten diete. Aurreko urteetan udaberri partean hasi izan dira biltzen. Oraingoan ordea, egoera zein den ikusita, urteko lehen bilkura urtarrilera aurreratzea erabaki dute. Atxegaldeko festen antolakuntzan parte hartu nahi duten guztiei zuzenduriko bilera irekia, astebete barru, urtarrilaren 23an, arratsaldeko 19:00etan, festetako txosna kokatu ohi duten lokalean.