Kultur Bira

Atxegaldeko ekitaldietan izen emateko aukera ostegunera arte

Jaiak bertan behera utziak dituen Atxegalde ere bizi dugun osasun krisialdira egokitutako uztaileko Kultur Birara batuko da larunbatean, abuztuaren 29an. Egun osorako egitaraua josi dute. Joan den hilabetean bezala, ekitaldiotarako izena aurrez eman beharko da, abuztuaren 27a baino lehen, usurbilkultura.eus atarian.

Covid19-a tarteko hilaren 28tik 30era ospatzekoak zituzten ohiko festak bertan behera utzi zituen Atxegaldeko Jai Batzordeak. Baina ez da ekitaldirik gabe geratuko auzoa, uztailean zehar herriko txoko anitzetara hedatu zen Kultur Birarekin bat egitea erabaki baitu.

Kultur Bira hartako lehen ekitaldia Atxegaldeko jaietako plazan ospatzekoa zen, Herriko Artixten eskutik. Euria tarteko ordea azken orduan Udarregi Ikastolara lekuz aldatu behar izan zuten. Oraingoan egun osorako festa antolatu dute abuztuaren 29rako. Zaletu eta adin tarte guztietako herritarrentzat, Atxegaldeko ohiko jaietan ospatu izan diren hainbat ekitaldi arrakastatsu; marrazki lehiaketa haurrentzat, mus txapelketa helduentzat, bertso musikatuen saioa eta kontzertu gaua Ameba herriko talde berriaren eta La Rekba taldeen eskutik.

Prebentzio neurri zorrotzekin
Joan den hilabetean gogoratu izan dugun moduan, bizi dugun osasun krisialdira egokitua izango da festa egun hau. Formatu txikian ospatuko dira ekitaldiok; edukiera mugatua izango dute. Beharrezko prebentzio neurriak hartuko ditu bai antolakuntzak bai hitzorduotan parte hartu nahi dutenek. Hasteko, hitzorduotarako izena aurrez eman beharko da, usurbilkultura.eus atarian, hilaren 27a baino lehen (mus txapelketarako izena hilaren 28ra arte zenbait tabernetan). "Animatu antolatutako ekitaldietara!", luzatu dute gonbita.

Gogoan izan, lehenbizi web orri horretan erregistratu beharra dago, gero parte hartu nahi duzun ekitaldietarako izena eman abuztuaren 27a baino lehen. Segidan antolakuntzak sarreren zozketa egin eta emailez jakinaraziko zaizue txartelik egokitu zaizuen edo ez.

Txartela inprimatuta edo mugikorrean duzuela joan beharko duzue ekitaldietara eta musukoa jantzita. Hortik aurrera, ekitaldien gunean antolakuntzaren argibideak zorrrotz jarraitu beharko dira.


ATXEGALDE KULTUR BIRAN
Abuztuak 29, larunbata
11:00 Marrazki lehiaketa Atxegaldeko plazan:
Edukiera: 120 lagun.

15:30 Mus txapeketa
Izen ematea: Aitzagan, Antxetan, Bordatxon eta Txirristran abuztuaren 28ra arte.

18:30 Bertso musikatuak Atxegaldeko plazan.
Bertsolariak: Oihana Iguaran, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Iñigo Manzisidor "Mantxi".
Musikariak: Antton Aranburu eta Beñat Urteaga.
Edukiera: 70 lagun.

22:00 Kontzertu gaua Udarregi Ikastolako patioan (euria bada, Oiardo Kiroldegian): Ameba (herriko talde berria)+La Rekba
Edukiera: 250 lagun.

Ekitaldiotan izen emateko azken eguna: abuztuak 27
Izen ematea eta argibide gehiago: usurbilkultura.eus