Antolatzaileek bi gai proposatu dizkiete parte hartzaileei; erraldoi eta buruhandiak edota Atxegaldeko jaiak borobildu izan dituen azken traka orri txuri batean islatzeko gonbita jaso dute. Sortzen eta sortzen aritu dira parte hartzaileak, euria tarteko, izatez auzoko plazan ospatzekoa izan baina azkenean Udarregi Ikastolako erdiko aretoan egin duten marrazki txapelketan. Amaieran ez dira esku hutsik joan sortzaile trebeak, antolatzaileen oparitxo bana jaso dute.
Ekimen honetan eta gaurko gainerako hitzorduetan parte hartzeko aurrez izena eman beharra zegoen, usurbilkultura.eus atarian. Kultur Birarekin bat egin duten Atxegaldeko ekitaldiok prebentzio neurri zorrotzen artean ospatuko dira. Goizeko marrazki lehiaketa horren guztiaren adibide argia izan da. Antolatzaileak ikastola sarreran ziren gel hidroalkoholikoa bertaratzen zirenen eskura jartzen. Musukoa jantzita izatea ezinbestekoa da hitzorduotarako. Barruan, aulkiak elkarrengandik segurtasun distantziara kokatuak zituzten.