Lehendik ere prekarizatua zen sektoreari bultzada eman, herritarrentzat kultur eskaintza erakargarria plazaratu, beti ere bizi dugun osasun krisialdira egokituta, beharrezko prebentzio neurri zorrotzak hartuta. Uztailean zehar herrian barrena jiran ibili den Kultur Biraren bereizgarri nagusiak dituzue.
Ohiko jaiak ospatzeko prestaketa lanak aurreratuak zituen Atxegaldeko Jai Batzordeak asteburu honetarako zituen iragarriak auzoko festak, baina bertan behera utzi zituen, bizi dugun osasun krisialdia dela eta. Baina Kultur Birarekin bat egin eta larunbat honetan ekitaldi eguna ospatu dute, beharrezko segurtasun neurri zorrotzen artean. Euria tarteko, ez Atxegaldeko plazan, Udarregi Ikastolako frontoi eta erdiko aretoan. Oiardo Kiroldegian eman zaio amaiera, herriko taldeen kontzertu gauarekin; La Rekba eta Ameba taldeen emanaldi txalotuekin.