Abuztu hasierako Urdaiagako jaien ondotik, Atxegaldekoak izaten genituen hilabete amaieran covid19ak eragindako pandemia gure artera heldu zen arte, 2019ra arte. Iaz, osasun krisialdira egokitutako ospakizun egun bat antolatu zuen auzoko Jai Batzordeak; haurrei zuzenduriko marrazki lehiaketa, mus txapelketa, bertso saio eta kontzertu gauarekin.
Aurten ere esperientzia errepikatzekotan dira Atxegalden. Momentuz, antolatzaileek ospakizun egunak finkatu dituzte sare sozialen bidez berri eman dutenez; urte luzeetako tradizioari jarraiki, abuztuaren 27 eta 28rako iragarri dute hitzordu zikloa. Laster jakinaraztekoak dira xehetasunak. Sare sozialei adi egoteko gonbita luzatu dute. "Atxegaldeko festak izateko hilabete besterik ez da geratzen! Egitaraua eta azken berriak jakin nahi izanez gero jarrai iezaguzu gure sare sozialetan!".
Azken egunotan jada kontzertuetako bat eskainiko duen talde baten izena iragarri dute. "Atxegalden izango dugun lehenengo musika taldea Lasartetik etorriko da, giro paregabea jartzera... Gurekin izango dugun lehenengo taldea... Kinada!".
Zozketa bat ere abiarazi zuten iragan astean, sare sozialetan zabaldu duten kontu berriaren irekieraren harira. "Gure kontu berri hau estreinatzeko, zozketa batekin gatoz! Jarraitzaile eta txio hau bertxiotzen duten guztien artean, gure hain bereizgarria den txaleko arros bat oparituko dugu!", iragarri dute. Twitterreko kontuari buruz ari dira.
Atxegaldeko Jai Batzordearen berri hain zuzen, sare sozial hauen bidez jaso dezakezue:
Twitter: @AtxegaldeJB
Instagram: @atxegaldekofestak