Atxegaldeko Ariztitxo kalea, hobekuntza lanetan

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 10a, 11:13

Usurbilgo Udalak iragarri moduan, astearte honetan hasi dituzte Atxegalde auzoko Ariztitxo kaleko hobekuntza lanak. Ostiralean amaitzekoak dituzte.

Atxegalde auzoa lotzen duen kale nagusia, hobekuntza lanengatik Ariztitxo itxita izango da ibilgailuentzat astearte honetatik, maiatzaren 10etik hasita, datozen hiru egunotan, hilaren 13ra arte. Udalak bideraturiko dituen lan hauetan, "aldapa luzea bere osotasunean asfaltatuko dute, egoera txarrean baitago. Goitik beherako noranzkoan hasiko dira lanean, eta asfalto zaharra kendu eta geruza berria botako dute", Udaletik aditzera eman dutenez.

Ariztitxo kaleko bizilagunei, kale horretako aparkalekuak libre uzteko eskaera egina zien Usurbilgo Udalak, gaur goizeko 8:00ak baino lehen. "Lanek iraun bitartean, ezingo da autorik aparkatu Ariztitxo kalean". Kale horri lotuak dauden Beheko eta Erdiko Kaleetan aldiz bai "eta garajeetarako sarbidea bermatuko da". Beste alternatiba, Mahaspaldegi elkarte aurreko aparkalekua, hau ere erabiltzeko moduan izango da, Udaletik berri eman dutenez.

Atxegalde auzoa bera lotzeko bidea da Ariztitxo, baita Usurbil aldera nahiz N-634 errepidera joateko komunikazio bideetako bat. Egunotan hobekuntza lanetan izango dute, Udarregi Ikastola paretik hasi eta Mahaspildegi elkarte pareraino heltzen den Ariztitxo kalea.