Atxegaldeko jaiak

Ohi baino goiztiarrago ekingo diete Atxegaldeko festei

Noaua Aldizkaria 2022ko abu. 22a, 14:53

Kick Boxing ikastaroa, kontzertu gauak, haurrentzako jolasak, afari musikatua, txapelketak... eta gehiago, ate joka ditugun Atxegaldeko festen itzuleran.

"Bi urte eta gero, azkenean iritsi da Atxegaldeko festez normaltasun guztiz gozatzeko ordua!", gogorarazi dute auzoko Jai Batzordetik. Festen itzulera bizitzen ari garen uda honetan, inguruotako ospakizunen hurrengo geltokia Urdaiagaren ostean Atxegalde, asteburu honetan bertan. 48 orduko parranda giroan murgilaraziko dute auzoa abuztuaren 26tik 28ra.

Ohi baino goiztiarrago ekingo diete festei. Poteo girotuaren ostean jaurti ohi duten txupinazoaren aurretik, Kick Boxing ikastaroan trebatzeko aukera izango dugu ostiral goizean, hilaren 26an, Oiardo Kiroldegiko tatamian. Mikel Sortino jarduera honetako profesional bilbotarrak eskainiko duen ikastarorako izena aurrez eman ahalko da usurbilkultura.eus plataforman. "Babesgarriak ekartzea komeni da", ohartarazi dute antolatzaileek. Amaieran, Kiroldegian bertan dutxatzeko aukera izango da.

Txapelketak
Haurrei eskainitako larunbata izango da hilaren 27a Atxegalden; jolasak, txokolate jana eta buruhandiak iragarri ditu Jai Batzordeak egunean zehar. Eta tartean, hutsik egiten ez duen mus txapelketa. Sariok jarriko ditu jokoan:
1. saria: txapelak, kopak, 2 mariskada eta xanpaina.
2. saria: kopak, arkumea, xanpaina.
3. saria: kopak, txuletak, sagardoa.
4. saria: kopak, oilaskoa, sagardoa.

Ez da Atxegalden ospatuko den txapelketa bakarra izango. Lehia eguna biziko dugu abuztuaren 28an; goiz partean toka txapelketarekin, arratsalde partean, patata tortila lehiarekin.

Eta ezin ahaztu gautxoriez. Lau musika talde eta bi DJ gonbidatu Atxegaldeko festen itzuleran. Larunbateko kontzertu gauaren aurretik, afari musikatua Maddi eta Elenerekin. Txartelak aurrez eskuratu ahalko dira Artzabalen eta Txirristran.


ATXEGALDEKO JAIAK
Abuztuak 26, ostirala
10:00-12:00 Kick Boxing ikastaroa Oiardo Kiroldegiko tatamian.
18:00
Poteo girotua.
20:00 Txupinazoa.
Ondoren, buruhandiak.
23:00 Kontzertuak: Arene 6, Sofokaos, Dj Jotatxo.

Abuztuak 27, larunbata
11:00 Umeentzako jokoak.
16:00 Mus txapelketa (15:30etan izen ematea).
18:00 Txokolate jana.
Ondoren, buruhandiak.
21:00 Afari musikatua Maddi eta Elenerekin. Txartelak 20 eurotan salgai aurrez, Txirristran eta Artzabalen.
Jarraian, kontzertuak: Errietan, Gora Etorri, DJ RR.

Abuztuak 28, igandea
11:00 Toka txapelketa.
Ondoren, salda, txorizo eta haragi egosi banaketa. 
18:00 Patata tortilla txapelketa.
20:00 Amaiera ekitaldia.

Antolatzailea: Atxegaldeko Jai Batzordea.