Atxegaldeko jaiak

Jaietako lehen goiza, txikienen plaza

Noaua Aldizkaria 2022ko abu. 27a, 14:57

Sortzen nahiz jolasean eman dute goiza Atxegaldeko jaien baitan haur jokoetan parte hartu duten gaztetxoenek. Bazkalostean segiko du festak.

Hiru urteren ostean auzora itzuli diren jaietako bigarren eguna, txikiena. Haurrei zuzendutako eskaintza larunbat honetan goiz eta arratsaldez Atxegalden. Sortzen eta jolasean hasi dute eguna. Lehenbizi marrazten. Ikusgai jarri dituzte gero sortze lanok. Eta segidan aulki joko ezagunean parte hartu dute. Biraka aritu dira plazan, aulkirik gabe geratzeko inolako gogorik gabe. Eta merezitako ahalegina saritzeko, hainbat opari zozketatu ditu Jai Batzordeak.

Haurrei zuzenduriko ekitaldien eskaintza hasi baino ez da egin, bazkalostean izango du segida txokolate jan eta buruhandiekin, mus txapelketarekin batera. Bigarren festa eguna borobiltzeko, afari musikatua eta bigarren kontzertu gaua.

ATXEGALDEKO JAIAK
Abuztuak 27, larunbata
16:00 Mus txapelketa (15:30etan izen ematea).
18:00 Txokolate jana.
Ondoren, buruhandiak.
21:00 Afari musikatua Maddi eta Elenerekin. Txartelak 20 eurotan salgai aurrez, Txirristran eta Artzabalen.
Jarraian, kontzertuak: Errietan, Gora Etorri, DJ RR.

Abuztuak 28, igandea
11:00 Toka txapelketa.
Ondoren, salda, txorizo eta haragi egosi banaketa. 
18:00 Patata tortilla txapelketa.
20:00 Amaiera ekitaldia.

Antolatzailea: Atxegaldeko Jai Batzordea.