Urak gainezka Atxegalden, azken orduotako euri-jasengatik

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 29a, 13:23

Egunotako euri-jasengatik urak gainezka egin du Atxegaldeko Mahaspildegi elkarteko aparkalekuan.
Azken orduotan prezipitazio iraunkorragatik indarrean zegoen abisu horia kendu dute jada.

Herrikide batek helarazitako albiste honi atxikitako bideoan ikus dezakezuen moduan, urak gainezka egin du azken orduotan Atxegaldeko Mahaspildegi elkarte pareko aparkalekuan. Azken orduotan izandako euri-jasengatik mendian behera etorritako urak ohiko bidetik ezin segi eta aparkaleku ondoko zelaitik aparkalekuan barrena hedatu da. 

Ez da azken aldian gertatu den lehenbiziko aldia. Duela hamar egun, azaroaren 19an izandako euri zaparrada bortitzengatik urak gainezka egin zuen eremu berean. Handik hurbil gainera, lur-jausia izan zen N-634 errepidean, Kaparotz inguruan. Orduko hartan, prezipitazio iraunkorragatik abisu horian izan ginen. Azken egon eta erdian baita. Igande gauerdiaz geroztik astearte eguerdi honetara arte colore bereko alerta maila izan da indarrean, oraingo honetan ere prezipitazio iraunkorragatik.

Euskalmet meteorologia agentziak Lasarten duen estazioan bildutako datuak dituzue segidan. Astearte goizeko 10:00ak arte azken 24 orduotan honako erregistroa izan du; metro karratuko 30,1 litro euri metro karratuko.




 
Atertzen
Datozen orduotan, euri egiten segiko du Usurbilen, baina ez azken orduotako indar berarekin. "Zerua hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu, batez ere egunaren lehenengo partean; ekialdean sarriago eta ugariago botako du. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, gero ahulduz joango da. Gauean hego-haizea ibiliko da. Tenperaturan aldaketarik ez". 


Bihar, asteazkena, atertuko du. "Zerua hodeitsu egongo da; gauean hodeiak gutxitu egingo dira. Norabide aldakorreko haizea ibiliko da, eguerditik aurrera eki-osagaitik finkatu eta zakartu egingo da. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira, azken orduetan neurtuko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira". Giro eguzkitsua iragarri du Euskalmet-ek ostegunerako. "Zerua tarteka hodeitsu egongo da. Ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, eguerdi partean haizea ipar-ekialdera aldatuko da. Tenperatura gutxi jaitsiko da".


Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus