Atxegaldeko jaiak

"Jai osasuntsuak opa dizkizuegu, gora Atxegaldeko jaiak!"

Noaua Aldizkaria 2023ko abu. 25a, 21:13

Festa giroan murgildu berri dute Atxegalde, txupinazoa jaurti ostean.

Abuztuko azken asteburuarekin batera, itzuli berri dira Atxegaldeko jaiak! Ostiral arratsalde honetan jaurti duten txupinazoarekin, 48 orduko etenik gabeko festa giroan murgildu da auzoa. Aurretik, goizean Oiardo Kiroldegian egin dituzten ur jolasen ondotik, poteo musikaturen bidez jaien etorreraren berri eman diete Usurbilgo herriari, Kaxkoan barrena.

Eta handik bueltan auzora itzuli eta 20:00ak jota piztu dute festak abiarazi dituen suziria. Hasiera koloretsua izan dute auzoko festek. Bapo jan eta edan ahal izan dute auzoko plazara joandakoek, Jai Batzordeak mahaietan zerbitzaturiko luntxari esker. Txikienek arrapaladan egin behar izan dute mokadutxoa, handik gutxira irten baitira lasterka bizian ikastolako plazarantz, buruhandiengadik ihesi.

Jai parekide eta feministak
Txupinazoa jaurti aurretik, festa parekide eta feministak aldarrikatu ditu Jai Batzordeak. "Kaleak hartuko ditugu eta zuen aurrean erantzutera ausartuko gara. Ez baldin badakizu egoten ez etorri", adierazi dute antolatzaileek egungo nahiz aurreko Jai Batzordeen ahalegina eskertzearekin batera. Eskerrak baita noski, aurrean zituztenentzat, "jaiaren parte zareten guztioi". Haiei begira, festak abiarazteko gogotsu direla adierazi dute antolakuntzatik. "Bazen garaia festa hauek iristekoa eta seguru gaude zuek gu bezain gogotsu zaudetela jai txiki hauei hasiera emateko". Horixe beraz, gozatu Atxegaldeko festez hasi berri dugun asteburuan zehar. "Jai osasuntsuak opa dizkizuegu, gora Atxegaldeko jaiak!", adierazi dute Jai Batzordetik hasiera ekitaldian.

Atxegaldeko jaiak
Abuztuak 25, ostirala
23:00 Kontzertuak: Kinada + Etxekalte + DJ Txakas.


Abuztuak 26, larunbata
10:00 Umeen jolasak eta Buztintxuloren eskutik tailerra.
15:30 Mus txapelketa:
-Izen-ematea: 20 euro bikoteko.
-Sariak:
1. saria: txapelak, garaikurrak, Bruño marisko etxeko 6 zentollo, Joxe Mari Arruti harategian xahutzeko 100 euro eta Aialde Berri sagardotegiko 4 botila sagardo.
2. saria: garaikurrak, Bruño marisko etxeko 6 zentollo, Joxe Mari Arruti harategian xahutzeko 60 euro eta Aialde Berri sagardotegiko 4 botila sagardo.
3. saria: garaikurrak, Bruño marisko etxeko 2 zentollo, Joxe Mari Arruti harategian xahutzeko 40 euro eta Aialde Berri sagardotegiko 2 botila sagardo.
4. saria: Bruño marisko etxeko 2 zentollo eta Aialde Berri sagardotegiko 2 botila sagardo
18:30 Txokolatada.
Ondoren, buruhandiak.
21:00 Afari musikatua Elene eta Maddirekin. Txartelak 15 eurotan salgai, Artzabalen, Txiribogan eta Txirristran.
00:30 Kontzertuak: Neskatasuna + Zaparra+ DJ Txakas.

Abuztuak 27, igandea
11:30 Toka txapelketa.
12:00 Hamaiketakoa.
18:00 Bertso musikatuak:
-Bertsolariak: Oihana Iguaran, Iñigo Mantzisidor "Mantxi", Maialen Akizu eta Beñat Gaztelumendi.
-Musikariak: Gari Otamendi eta Ixak Arruti.
-Gai jartzailea: Haritz Kasabal.

Antolatzailea: Atxegaldeko Jai Batzordea.