Akabo aurtengo Atxegaldeko festak. Igande arratsalde honetan borobildu dituzte 48 orduko jaiok bertso musikatuen saioarekin. Alaia Martin, Iñigo Manzisidor "Mantxi", Oihana Iguaran eta Beñat Gaztelumendi laukoteak parte hartu du. Ainhoa Urien aritu da gai-emaile lanetan. Saioa Ixak Arruti herrikideak musikatu du.
Gaurkotasuneko gaiak nahiz eguneroko bizimoduari lotutakoak ekarri dizkigute. Erraustegiari hasi zaizkie bertsotan, militante ekologisten larruan sartuta. Bilboko Aste Nagusiaren amaierarekin egokitu diren Atxegaldeko festen harira, herri edota auzo txikietako nahiz hiri handietako jaiak alderatu dituzte. Kontsumismoa ere izan dute aztergai, edota azken urteotan zeresana ematen ari den turismo eredua.
Zahartzaroa nolakoa izan daitekeen ere irudikatu dute. Agerian utzi dute sortzaileek bizi duten prekarietatea. Eta Atxegaldeko bankutik denboraren joanari ere erreparatu diote. Saioa agurtu aurretik, bertsolariak epaile lanetan jarri dituzte. Aurrean zituzten ikus-entzuleen lekutik aztertu dute bukatzear zuten hitzordua.
Saio jendetsua izan da. Auzoko jaietako karpagunea bete dute, jada, bertako festak agurtzeko tradizioan bilakatu den hitzorduan.