Urriaren 4an

Buztinzulok Atxegaldeko egoitza atarian kokaturiko horma-irudiaren aurkezpena

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 1a, 10:32

Atxegaldeko plazan kokatua dagoen horma-irudia jendaurrean aurkezteko ekitaldia deitu du Buztinzulok urriaren 4an. Egun horretan itxiko dute izen-emateko epealdia.

Atxegaldeko plaza koloretsuago dago azken aldian. Lehendik ere zenbait sortze lan jarriak zituzten egoitza atariko eskilaren ertzean. Oraingoan, tamaina handiagoko artelan bat kokatu dute, albiste honi atxikitako argazkian duzuen horma-irudia. Buztinzulokoek eginikoa da. Atxegaldeko plazan duten egoitza atariko horman duzue ikusgai.

Halere, sortze lan hau aurkeztu egin nahi dutela berri eman dute. Horretarako, ekitaldi irekia antolatu dute ostiral honetarako, urriaren 4rako, arratsaldeko 18:30etan auzoko plazan kokatua dagoen sortze lan honen parean. Bertara joateko deia egin du zeramika taldeak.

Izen-ematea
Bide batez, ikasturte berria abiatzear du Buztinzulok. Izan ere, datorren astelehenean, urriaren 7an ekingo diete trebakuntza saioei. Jakitera eman dutenez, astelehen arratsaldero bilduko dira, aipatu moduan, Atxegaldeko plazan duten egoitzan; bi orduz, 17:30-19:30 artean. Interesa duen orok oraindik izena emateko aukera izango du ostiralera arte, hormairudiaren aurkezpen egunera arte hain zuzen. "Anima zaitez eta jarri gurekin harremanetan, buztinzulo@gmail.com posta elektronikoan".