Xanistebanekin hasi eta, ohi bezala, Atxegaldeko festekin agurtuko dugu abuztua. Azken asteburua iaz baino geroago egokituko da aurten. Ondorioz, hilaren 29tik 31ra ospatuko dira auzoko festak. Hiru egunotako ekitaldien eskaintza egituratzeko lanetan ari da jai batzordea. Hurrengo asteetan plazaratuko du hitzordu guztien ordutegi zehatza.
Antolatzaileek aurreratua dutenez, ordea, nagusiki iazko eskaintza ekarriko du bueltan Atxegaldeko festetako plazara. Abuztuko azken ostiralari jolasean ekingo diote. Bazkaritarako bildu ostean, elektrotxarangak egingo duen kalejirak txupinazorako bidea egingo du. Jaien hasiera ofiziala ospatuko da gero eta une hori, buruhandiek girotuko dute.
Biharamunean, haurrei zuzenduriko ekintzak nagusituko dira; jolasak, txokolate jana, buruhandiak… Helduenentzat mus txapelketa izango da eta gauean, auzokideen bilgune izango den afari musikatua.
Amaitzeko, iganderako txapelketen eguna iragarria dute; toka edota patata tortilla lehiaketekin. Bi parranda gau izango dituzte Atxegaldeko jaiek; bietan musika taldeak eta djak izango dira. Aipatu moduan, egitarau zehatza datozen asteetan plazaratuko du Atxegaldeko jai batzordeak.