Atxegaldeko jaiak 2025

Buruhandi bizi askoak irten dira estreinakoz, erraldoiak auzora itzuli bezperan

Noaua Aldizkaria 2025ko abu. 29a, 20:25

Bizi asko irten dira buruhandiak estreinakoz, aurtengo Atxegaldeko festak hasi berritan, urte askoren ostean erraldoiak auzora itzuli bezperan.

Asteburu osorako jai giro betean da Atxegalde, ostiral arratsalde honetan, 20:00etan jai batzordeko kideek jaurtitako txupinazoaren ondotik. Festen hasiera ofiziala igaro bezain laster irten dira estreinakoz aurtengoz auzoan, gaztetxoak lasterka betean jarritako buruhandiak.

Festen antolatzaileek baliaturiko egoitzatik irten dira txupinazoa jaurti berritan deabrua, tximua edota akerra. Zain zuten plazara joandako belaunaldi gazteena. Batzuek eta besteak elkar ikusi bezain laster hasi dira ihesaldiak Udarregi ikastola atariko patiorantz, hilerri zaharreko eremurantz edota Agerialderantz.

Ez dira berehala nekatu. Helduak jai batzordeak zerbitzaturiko luntxa dastatzen ari ziren artean, izerdi patsetan amaitu dutenak gaztetxoak izan dira gaurkoan.

Erraldoien itzulera
Eta lasterketa hauek hasi baino ez dira egin. Izan ere, Atxegaldeko festa hauen baitan, larunbatean eta igandean ere auzoan barrena ibiliko dira buruhandiak; igandean, 17:30etatik aurrera eta larunbat honetan, ordubete geroago irtengo dira eta ez bakarrik.

Lauburu konpartsak ekainean Usurbilgo Udalarekin adosturiko lankidetza hitzarmenaren baitan, udalerri honetako herri eta auzo guztietan kalejirak egiteko konpromisoa erdietsi zuten, Santixabeletan estreinakoz plazaraturiko buruhandi talde berriarekin. Hala egin zuten Kalezarren, urtero moduan, baita Usurbilgo festetan ere eta baita estreinakoz, Zubietan eta Urdaiagan.

Atxegalderen txanda da orain. Halere, kasu honetan, ezin esan erraldoiak estreinakoz auzoan ikusiko ditugunik. Izan ere, Atxegaldeko festak ospatzen hasi ziren lehen urteetan, ez zuten hutsik egiten erraldoiek eta haiekin eta buruhandiekin auzoan barrena egindako kalejirek.

Urte askotako etenaldiaren ostean, garai bateko ohitura berreskuratuko dute beraz, larunbat honetan, abuztuaren 30ean.