Jaietako plaza sukalde bilakatuta agurtu dituzte aurtengoz Atxegaldeko jaiak, igande arratsalde euritsu honetan. Karpaguneari usain ezin ederragoa zerion, gerora, dastamenarekin berretsi ahal izan dena. Izan ere, patata tortilla txapelketarekin amaitu dute 48 orduko festa giroa.
Parte hartzaileen kalitatea goraipatu du epaimahai lanetan jardundako jai batzordeko kideek. Poza nagusitu da, jaki irabazlea jakinarazi dutenean. Bertaraturikoek sukaldaturiko patata tortillok dastatuz amaitu dute arratsaldea. Bitartean, bazkalosteko euri zaparradak etendakoan, lasterka agurtu dituzte gaztetxoenek, azkenekoz buruhandiak irten direnean.
Aipatu bi hitzorduokin, akabo aurtengoz Atxegaldeko festak. 2026ko ediziorako atzerako kontaketa martxan da jada. Ordura arte itxaron beharrik izan gabe, udako festen denboraldia borobiltzeko oraindik beste bi geltoki izango dira; irailaren 19tik 21era Santuenean eta amaitzeko, urria hasieran Aginagan.