Ohiko lasaitasunera itzuli da Atxegalde, asteburuko ospakizun zikloaren ostean. Izan ere, jai giro betean murgildu zen auzoa abuztuaren 29tik 31ra. Arranopola txarangako kideek ekarritako jai giroari eutsi zioten 48 orduz, jai batzordeak txupinazoa jaurti ostean.
Aipatzekoa, jolas eta tailerrek, baina bereziki buruhandiek eta estreinakoz, uda honetan egiten ari den biraren baitan, Lauburu konpartsak izandako harrera beroa. Txapelketek ere parte hartze nabarmena erakarri dute, musak bereziki. Toka eta patata tortillak, jokoan nahiz sukaldean onenak nor diren erakustea ahalbidetu diete parte hartzaileei.
Auzokide nahiz herritarrak biltzeko aukera izan da, besteak beste, afari musikatuaren bidez. Gautxorientzat ere goizaldera arte luzaturiko eskaintza izan da Atxegaldeko plazan.
Amaitu dira Atxegaldeko jaiak, ez, ordea, aurtengo uda parteko ospakizunen denboraldia. Oraindik festetan murgiltzeke dira Santuenea eta Aginaga. Santuenekoak irailaren 19tik 21era ospatuko dira; Aginagakoak, aldiz, urria hasieran.