Ondoezik dute izena, bestelako zirrara eragiten du, ordea, Usurbilgo elektrotxaranga talde gazteak. Azken urteotan, herriko beste hainbat ospakizunetan ikusi ditugun moduan, oraingo honetan, Atxegalde festa giroan barneratzeaz arduratu dira.
Auzotik bertatik hasitako kalejira biziarekin, bizitza askorik ez duen eremu hau 48 orduz egunerokotasunetik irten eta parranda giro bizian murgilduko zela jakinarazten aritu dira kantuan eta dantzan herrian barrena. Besteak beste, frontoian edota Mikel Laboa plazan egin dituzte geldialdiak.
Ibilbidean zehar, euskal kantu ezagunei ahotsa jarri eta gogotik berpiztu dute azken asteotan etenda izandako herri bizitza.
Bira betean
Abiapuntua Atxegalde izan dute, helmuga, noski, baita ere. Txupinazorako eten dute emanaldia. Festak ofizialki hasi berritan ekin diote emanaldiaren azken txanpari. Atxegaldeko saioa udako bira luzearen helmuga izan da taldearentzat.
Izan ere, garai mugitu askoa bizi izan du Ondoezik taldeak. Euskal Herrian barrena ibili diren haien onena eskaintzen. Iruñean, Mutrikun, Oreretan, Amaran, Sodupen, Ikaztegietan, Zaratamon, Zarautzen, Portugaleten edota Amurrion izan dira uztailaz geroztik. Herrira itzuli dira gaurkoan, azken ediziotik igarotako urtearen ondotik, Atxegaldeko jaiak berpiztera.