Atxegaldeko jaiak

Gaztetxoenak festen nagusi Atxegalden

Noaua Aldizkaria 2026ko abuztuaren 29a

Belaunaldi gazteenarena dugu Atxegaldeko festen bigarren egun hau. Jai batzordeak prestaturiko jolasekin eta tailerrekin ekin diote egunari.

Haurrak nagusi gaurkoan Atxegaldeko festetan. Goizetik, auzoko jaien plaza jolastoki handian bilakarazi dute. Jai batzordeak proposaturiko ekintzetan parte hartu dute, adin tarte ezberdinetako ia hirurogei bat haurrek eta gaztetxoek.

Eskulanekin hasi dira karpagunean; gerora, ikusgai jarritako marrazkiak sortzen aritu dira, nahiz bestelako margoketa eta tailerretan. Batzuk goiko plazan segi dute zeregin horietan; gehienek, ordea, beheko plazara jo dute, jolasak hasi bezain laster.

Sokatiran haien nagusitasuna erakutsi dute, globo gerran nork bereari eusteko iaiotasuna. Aulki jokoan bizi asko mugitu dira, jolasetik kanpo ez geratzeko. Ahatetxo txikiak arrantzatzen ere trebe asko aritu dira.

Bero zen, eta urez blaitzeko tarte bat baino gehiago izan da baita larunbat goiz honetan zehar.

Halere, ikusmin handiena eragin duena, amaierako zozketa izan da. Gaztetxo bakoitzari zenbaki bat esleitu zaio jolasen hasieran, amaieran denetariko opariak eskuratu ahal izateko. Mahai bete gailu, jolas eta bestelako produktuak banatu ditu jai batzordeak.

Oparo joan da zalantza izpirik gabe, Atxegaldeko jaietako aurtengo Haurren Eguna ere.