Ez dute meritu makala izan oraingoan ere. Herri aldapatsua dugu Usurbilgoa, hori hainbat auzoetan argi nabarmentzen da, Atxegalden esaterako. Urtero abuztuko azken asteburuan ospaturiko jaietako hitzordu ia denak auzoko festen plazan egin arren, bada eremu hori gainditzen duen deialdirik ere; Udarregi ikastolaren frontoietan eginiko mus txapelketarekin batera, irudiotan duzuena, esaterako.
Udalarekin izenpeturiko lankidetza hitzarmenaren baitan, estreinakoz iaz egin bezala, aurtengoan ere Usurbilgo herri eta auzoetako jaietan parte hartzen ari da Lauburu udalerri honetako erraldoien eta buruhandien konpartsa.
Festa giro betean den Atxegalden izan dira larunbat honetan, abuztuaren 29an, goizean abiaturiko Haurren Eguna borobiltzen. Aipatu moduan, ez dute meritu makala izan, aldapetan gora eta behera kalejiran ibiltzen; erraldoiak dantzan eta buruhandiak gaztetxoenen atzetik lasterka bizian.
Santuenean berriz
Herri erdigunetik heldu dira Atxegaldeko plaza nagusiraino, handik bertan elkartutakoekin batera kalejirari ekiteko. Bidelagun finkoak dituzte dultzaineroak, haien doinuen erritmora mugiarazi dituzte Ixabel eta Ixidro erraldoiak. Plazatik, Goiko kalea edota Alperroburu zeharkatu dituzte. Hainbat geldialdiren bidez, erraldoien dantzarako iaiotasuna agerian utzi dute beste behin.
Artean, Usurbilgo herri nortasunari estuki atxikitako buruhandi taldea, iaz estreinakoz Usurbilgo festetan kaleraturikoa, bizi asko aritu da gaztetxoenen bueltan lasterka eta txikienekin adeitasun handienez basurdea, Aginagako Mapil aldetik etorritako arotza, aharia, oilarra, Andatzako emakume errotaria, baita Aginagako erriberako angularia ere.
Aipatzekoa, iaz hasi zirela berriz buruhandiekin batera erraldoiak ere kalejiran Atxegaldeko jaietan. Izan ere, garai batean, 80-90. hamarkadetako jaietan ere erraldoien kalejira egiten zuten auzoko festetan.
Santueneako jaietan irtengo dira berriz Lauburu konpartsako kideak; irailaren 19an izango da.