Aurtengo Atxegaldeko jaiek ere bapo jan eta edateko aukera eskaini dute. Ostiralaz geroztik, hitzorduen artean izan da lagunartean hainbat produktu dastatzeko aukerarik. Festak hasi eta berehala, jai batzordeak eskainitako luntxaren ondotik, larunbateko Haurren Egunean txokolate gozo askoa zerbitzatu zuten askaritarako. Ilara luzea osatu zuten gaztetxoenek. Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien konpartsa heldu eta lasterka bizian hasi aurretik, indarberritzeko aukera gozoa izan zuten.
Azkenik, igande eguerdi honetan, abuztuaren 30ean, toka txapelketara joandakoentzat ere izan dute zer eskainia jai batzordeko kideek. Haragi eta txorizo egosiz ondo baino hobeto hornituriko hamaiketakoa zerbitzatu diete aipatu lehiaketara etorritakoei, festetako azken egunean ere sabela pozteko.