Atxegaldeko jaiak

Urteroko trebeenak, Atxegaldeko toka txapelketan nagusi

Noaua Aldizkaria 2026ko abuztuaren 30a

Lehia biziko toka txapelketa jokatu dute igande eguerdi honetan, abuztuaren 30ean, Atxegaldeko jaien azken txanpan.

Atxegaldeko festak lehiarako plaza ere izaten dira urtero mus txapelketarekin edota igande eguerdi honetan, abuztuaren 30ean jokaturiko toka lehiaketarekin. Urtero izaten dira ekimen horretan parte hartzaile berriak, baina badira edizioz edizio hutsik egin gabe lehiatzen direnak, baita garaile amaitu ere.

Gaur goizeko 11:30etatik aurrera hasitako txapelketan belaunaldi gazteenak parte hartu du lehenbizi. Trebetasun apartekoa erakutsi dute denek. Segidan, helduen txanda izan da. Auzokide nahiz herrikide hainbat lehiatu dira. Lagunarteko jokoa izan arren, serioski parte hartu dute eta baita behin baino gehiagotan asmatu ere.

Aurpegi berriak baziren lehiakideen artean aipatu moduan, baina beteranoenak nagusitu dira azkenean. Lehenengo hiru sarituen artean bi anai izan dira. Txapelduna, gainera, iazko bera izan da.

Toka txapelketako sailkapena
1-Manu Guadix.
2-Andoni Aizpurua.
3-Antonio Guadix.