Euritara jo duen igande arratsalde honetarako, abuztuaren 30erako, hitzordu ezin egokiagoa antolatua zuen jai batzordeak Atxegaldeko festak agurtzeko; bertso musikatuen saioa hain zuzen.
Auzoko plazan egokitutako karpagunean egin dute ekitaldia, aterpean, beraz. Bertsotan aritu dira Beñat Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Iñigo Mantzisidor "Mantxi" eta Nerea Elustondo. Haiei gaiak jartzen aritu da Amaia Agirre. Saioa musikatzeaz arduratu dira Garikoitz Otamendi eta Ixak Arruti usurbildarra.
Iazko etenaldiaren ostean, duela bi urtera arte, denbora luzez festen amaierarako programaturiko hitzordua berreskuratu dute aurtengoan Atxegalden. Karpagunea bete dute auzokideek eta herrikideek.