Etxealdia, eraldakuntza sakonaren atarian

Noaua Aldizkaria 2023ko ots. 6a, 08:25

Laster gauzatzen hasiko diren irisgarritasun plana aurkeztu die Usurbilgo Udalak Etxealdiako bizilagunei.

Auzo bizigarriagoa eraikitzeko lanak hastera doaz, datozen urteotan Etxealdia eraldatuko dutenak hain zuzen. Abiapuntu honetan bizilagunekin bildu da Usurbilgo Udala egunotan Potxoenean. Etorkizunerako Etxealdiarako irisgarritasun plana aurkeztu die; azken urtebetean, auzotarren beharrak identifikatu eta gabeziei aurre egiteko lankidetza prozesuan urrats berri bat. "Urte mugituak datoz", iragarri zuten udal gobernutik Potxoeneko bilkuran.

Etxealdia denontzako irisgarriago bilakatzeko bidean, etorkizunean faseka gauzatu asmo dituen eskuhartzeak aurkeztu zizkien auzotarrei. Besteak beste, joan etorriak erraztea ahalbidetuko duten bi igogailu eraikitzea proposatzen du Udalak; bat, Kale Nagusia auzoarekin lotuko duena, bestea tren geltoki berrirako bidea Etxealdiarekin komunikatuko duena.

Handik gertu, igogailu gehiago ere eraikiko dituzte, kasu honetan, tren geltoki berrira jaitsi nahiz handik igotzeko. Egun N-634 errepidea zeharkatzen duen zubia ere gorago eraiki eta trenbide gainetik Atalluraino luzatuko dute. Geltoki berriko lanei laster ekingo dietela iragarri du Udalak egunotan. Aldez aurretik, egunotan eremu horretan dagoen gas hornidura desbideratzeko lanetan ari dira.

Oinezkoak lehenesteko
Irisgarria izan eta egungo trenbideko pasabidea ezabatuko duten geltokiko lanekin batera hastekoak dira baita laster, Etxealdiara jaisteko San Esteban kaleko segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko lanak ere. Egun ez bezala, obrak amaituta, oinezkoak lehenetsiko dituen kalea izango da. Autoak sartu ahalko dira bertatik, baina mantso, denbora tarte murriztu batean (gau partean) aparkatu ahalko dute bertan soilik. "Azpiegiturak hobetzeko baliatuko dira obrak", berri eman zuten udal gobernu taldetik Potxoeneko iragan asteko bileran. Faseka gauzatu asmo dituzte lanok. Goialdeko lanekin hasi eta gero, tren geltoki berriko lanen amaieran borobilduko dute gainerako kale zatia.

Egoteko gune berriak
Auzoko hainbat etxebizitzetarako sarbidea irisgarri bilakatzeko eskuhartzeak ere egin asmo dituzte. Bestalde, N-634 errepide parean zegoen haur parkea eta egoteko lekua metro batzuk auzoan barrura lekuz aldatu eta gune hau aparkalekuetarako baliatzea proposatzen du udal gobernu taldeak. Egoteko eremu berri bat ere sortzea ere aurreikusten dute, geltokia auzoarekin lotuko duen igogailu eta eskilaren bueltan, baita eskuhartze txikiagoak ere. Usurbilgo Udalaren esanetan, hiruzpalau urte gutxienez beharko dira irisgarritasun plan hau gauzatzeko. Urtero, udal aurrekontuetatik diru partida zehatza bideratu asmo dute Etxealdia bizigarriagoa eraikitzera.