San Esteban kalea egokitzeko lanak hastear

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 3a, 11:37

Kaxkoa, Etxealdia, tren geltokia eta Santuenea lotzen dituen kaleko egokitzapen lanak oinezkoak lehenetsiko ditu.

Etxealdia auzune irisgarriagoa eta atseginagoa bilakatzeko bidean, hara jaitsi nahiz handik igotzeko, eta baita, tren geltokira, Santueneara edo handik Kaxkora etortzeko herri barneko mugikortasunarerako ardatz nagusia den kalea egokitzeko lanak hastear dituzte, Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez. Gogoan izan, oinezkoak lehenetsiko dituzte. Lanok esleitzear dira. “Sasoi Eraikuntzak enpresak egin du proiektua gauzatzeko eskaintzarik onena, eta lanak esleitzean hasiko dira lanean; aurreikuspenen arabera, hilabete inguru barru izan daiteke”, zehaztu du Udalak. Gainazala soilik ez, azpiegiturak berritzeko ere baliatuko dituzte lanok. “Lurzorua egokitu behar denez, azpiegiturak berritzeko ere aprobetxatuko dute; 196.800 euro inguru kostako dira lanak, eta enpresaren esanetan, hiru hilabete beharko dituzte”. Obrek iraun artean ere, “oinezkoek bertatik pasatzeko aukera izango dute”, ohartarazi du Udalak.

San Esteban kalea egokitzeko lanen lehen fasea izango da honako hau. “San Esteban kalea bere osotasunean berritzeko proiektua idatzia du udalak, baina oraingo honetan kalearen zati bat egingo da, goikoa: Kale Nagusitik behera hasita, auzora jaisteko eskaileren ingurura arte. Beste zatia, San Esteban kalea tren geltokirako zubiarekin lotzen duena, tren geltoki berriko obrak amaitzean egingo dute. Izan ere, San Esteban kalearen zein tren geltokiaren obrek bat egingo dute denboran, eta baliabideak modu eraginkorrean erabiltze aldera, bi proiektuak uztartzea garrantzitsua izango da.