Duela aste batzuk, lanak hastear zituztela iragarri zuen; orain ordea, data zehatza finkatu dute. Datorren astelehenean, apirilaren 17an hasiko dituzte Kaxkoa, Etxealdiarekin, tren geltokiarekin eta Santuenearekin lotzen duen San Esteban kaleko lanak, lehen faseari lotutakoak hain zuzen. Gogoan izan, hobekuntza obra hauen helburu nagusia, eremu hau irisgarriago bilakatu eta aurrerantzean, oinezkoak lehenestea da.
Udalak Sasoi Eraikuntzari esleituko dizkion 196.800 euro inguruko lanon iraupena hiru hilabetekoa izango dela aurreikusi du aipatu enpresak berak. Denbora tarte horretan, oinezkoen mugimendu handiko eremua izanik, Udalak ohartarazi duenez, "obrak martxan egonagatik ere, oinezkoek bertatik pasatzeko aukera izango dute. Ibilgailuek, berriz, ezingo dute kalea zeharkatu lanak gauzatu bitartean".
Kale aldapatsu hau goitik behera eraberritzeko lanen hasiera izango da. "San Esteban kalea bere osotasunean berritzeko proiektua idatzia du Udalak, baina oraingo honetan kalearen zati bat egingo da, goikoa: Kale Nagusitik behera hasita, auzora jaisteko eskaileren ingurura arte. Beste zatia, San Esteban kalea tren geltokirako zubiarekin lotzen duena, tren geltoki berriko obrak amaitzean egingo dute. Izan ere, San Esteban kalearen zein tren geltokiaren obrek bat egingo dute denboran, eta baliabideak modu eraginkorrean erabiltze aldera, bi proiektuak uztartzea garrantzitsua izango da".
Herri lanetan hainbat kirol instalakuntza
Herri lan gehiago martxan dira azken asteotan. Batetik, martxoa amaieratik itxia dagoen Usurbilgo frontoia. Apirilaren 17an irekitzekoak dira. Ordura arte, asteotan, "lehenengo, frontoiko lurzorua konponduko dute: zulo txiki ugari dauzka, eta dena berdintzeko lanak egingo dituzte, bi egunetan. Zorua lehortzen utziko dute egun batez, eta, ondoren paretekin hasiko dira lanean. Batetik, goiko sarea kenduko dute, eta berria jarri, eta bitarte horretan kristalak garbitzeko aprobetxatuko dute. Horiek egindakoan, berriz, paretak margotuko dituzte, eta aurreikuspenen arabera, bi aste beharko dituzte horretarako".
Haranen ere konponketa lanak abiarazi zituzten iragan hilabetean. "Barandak eta aldagelak pintatuko dituzte, eta kanpoko porteriak gordetzeko itxiturak jarriko dituzte. Haraneko belarra udan aldatu nahi du udalak, eta horren aurretik zenbait konponketa lan egiteko aprobetxatu du. Belarra aldatzeko esleipena epe motzean jarri nahi dute martxan".
Azkenik, Oiardo Kiroldegian igerileku txikia ur kontsumoa murrizteko filtro sistema berria ezartzekoa zuten. "Legez, egunero, ur kopuru jakin bat bota behar izaten dute igerilekuek, higiene arrazoiengatik, eta, ondorioz, ur kontsumo handia eragiten dute. Filtro sistema berriarekin, ultravioleta izpien bidez garbituko da ura, eta uraren kalitatea hobetzeaz gain, ur kontsumoa murrizten lagunduko du", azaldu du Usurbilgo Udalak.
Horrez gain, urte hasieran erabiltzaileen artean eginiko galdeketan, gimnasiorako material berria erosteko Udalaren 8.990 euroko inbertsioa zertara bideratu proposatzeko aukera izan zuten erabiltzaileek. Ekarpen haiek aintzakotzat hartuta, "pisu librerako materiala (mankuernak, diskoak eta barrak), pisu librean aritzeko koltxoneta berria, entrenamendu funtzionala egiteko materiala (power bag desberdinak) eta korrika egiteko motorrik gabeko zinta" erosiko ditu Udalak. Horrekin batera, "pisu libreko gunea handitu egingo da, eta horrek espazioan zenbait egokitzapen egitea eragingo du, adibidez, makina batzuk lekuz mugitzea. Larrialdiko irteeraren ondoko gunea ere egokitu egingo dute, luzaketak eta beste motatako ariketak egiteko".