Herri erdigunea, Etxealdia, tren geltokia, Atallu eta Santuenea ingurua lotzen dituen oinezkoen San Esteban kalea eraberritzeko lanen lehen fasea amaitu dutela jakinarazi du Usurbilgo Udalak. "Zorua erabat berdindu dute eta lau eserleku jarri dituzte. Modu horretara, kalea oinezkoentzako irisgarriagoa izan dadin ahalbidetu dute, eta haiek izango dute lehentasuna aurrerantzean. Oraingoz, autoek ezingo dute bertatik pasatu, galtzada-harriak erabat finkatu arte", ohartarazi du Udalak.
Lan hauen kostua 196.800 euro ingurukoa izan dela berri eman du Udalak, "baina aurrekontuaren zati handi bat, %86 inguru, dirulaguntza baten bidez finantzatuko da: udalak 169.000 euro jaso ditu kalea oinezkotzeko obrengatik".
Aipatu moduan, San Esteban kaleko eraberritze lanen lehen fasea amaitu dute. Segida izango dute etorkizunean. "San Esteban kalea bere osotasunean berritzeko proiektua idatzia du udalak, baina kalearen goiko zatia soilik berritu du oraingoz. Beste zatia, San Esteban kalea tren geltokirako zubiarekin lotzen duena, tren geltoki berriko obrak amaitzean egingo dute. Izan ere, San Esteban kalearen zein tren geltokiaren obrek bat egin dute denboran, eta baliabideak modu eraginkorrean erabiltze aldera, bi proiektuak uztartu eta bigarren zatia ondoren egitea erabaki dute".