San Esteban kalea oinezkoena, Etxealdiako bizilagunek kotxez igarotzeko aukerarekin

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 13a, 09:04

Argazkia: Usurbilgo Udala.

Iragan aste hasieran Etxealdiako bizilagunekin bildu zen Usurbilgo Udala. Bilera lekuko San Esteban kalea hartu zuten ahotan.

Udalak iragarri duenez, aurrerantzean Eliza paretik tren geltokira jaisteko bidea soilik oinezkoena izango da, salbuespen batekin; Etxealdiako bizilagunek soilik igaro ahalko dute kotxez bertatik, eta “karga-deskargarako bertan aparkatzeko aukera” izango da. Proposamen hau egin zien udal gobernu taldeak bertako bizilagunei iragan urriaren 9an egin zuten bilkuran. Bertara joan zirenak ados agertu ziren.

Momentuz, kalea itxita dago ibilgailuentzat, seinalizazioa jarritakoan irekiko dute. “Kalea irekitakoan, zer erabilera ematen zaion behatuko du udalak, eta neurriz kanpoko erabilera egingo balitz, kontrolerako sistema bat ezarriko luke”, ohartarazi du Udalak. Halere, “isunak jartzen hasi baino, nahiago dugu pedagogia egin: guretzat pertsonen segurtasuna da garrantzitsuena. Haurren eta pertsona helduen autonomia sustatu nahi dugu: horretarako gure kaleek seguruak izan behar dute, eta kaleak seguruak izateko beharrezkoa da kotxeak bertatik kentzea”.

Aldaketa honen harira, bi eskaera plazaratu ditu Udalak. “Batetik, ahal dela, auzora sartu eta irteteko Bizkarre aldeko bide nagusia erabiltzeko, eta, bestetik, bertatik pasatzen diren bizikleta eta patineteei zuzenduta, mantsoago pasatu daitezela, oinezkoen segurtasuna bermatzeko”. Udal gobernu taldearen esanetan, “Usurbilen ez dago halako kalerik, eta hau erronka bat da denontzat: modu egokian jokatu behar dugu guztiok”.

Zalantzak
San Esteban kalearekin zer egin, zalantzak eragin dituen gaia izan dela berri eman du Udalak. “Hasiera batean, ez zen planteatu ibilgailuen joan-etorri orokorra debekatzeko asmorik, eta gauez bertan aparkatu ahal izango zela adierazi zen. Zorua berrituta, trafikorik gabeko tarte bat utzi behar zen zementua erabat finkatzeko, eta, horren ostean, kalearen izaeraren inguruko zalantzak sortu ziren Udalean”.  Bide batez, Udalak “barkamena eskatu diete bizilagunei” aipaturiko zalantzek eragin dutelako kalea lehenago ez irekitzea. Horregatik, deitu zuten urriaren 9ko bilera, azken erabakia auzoko bizilagunekin batera hartzeko.

Aukeretako bat ibilgailuentzako erabat ixtea zen eta horretarako oztopoak jartzea. Segurtasunagatik ordea, planteamendu hau baztertzea erabaki zuten. “Larrialdiren bat egongo balitz, halako oztopo batek egoeraren larritasuna areagotuko luke, eta ez genuke halakorik nahi”, adierazi dute Udaletik.

Irisgarritasuna hobetzera
Kale honetako aldaketez haratago, Etxealdiari lotutako egitasmo gehiago ere baditu eskuartean Udalak. Gogoan izan, “Auzoaren irisgarritasuna hobetzeko eta HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorra lantzeko hainbat bilera egin zituzten aurreko legealdian, eta orduan adostutakoak gauzatzen hastekoa dela azaldu dute. Iraileko osoko bilkuran egindako kreditu aldaketarekin (300.000 eurokoa, 2023ko aurrekontuetan aurrez gordetako 75.000 euroei gehitzeko), auzoaren beheko zatiko aparkalekuen ingurua berrantolatuko du udalak: obren exekuzio proiektua idazten ari da, lanak hurrengo urtean gauzatzen hasteko helburuarekin. Proiektu hori ere auzotarrekin kontrastatuko dutela nabarmendu dute”.