Usurbilgo tren geltoki berriko lanen ondorioz, ingurua nabarmen itxuraldatu da azken aldian; are gehiago, gaurtik. Izan ere, kaxkoa, tren geltokia eta Santuenea arteko komunikazio bide nagusia izan dena, maiatzaren 27an itxi zuten Etxealdiako zubia eraisten hasi dira bart gauean. Juxtu N634 errepide gaineko zatia da kendu dutena, ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan.
Hain zuzen, Etxealdia, tren geltokia eta Atallu lotuko dituen zubi berri bat eraikitzekoak direla, trenbidea gainetik zeharkatu eta, honenbestez, orain arte zegoen pasabide arriskutsua ezabatuko duena. Zubia eta tren geltoki berriaren arteko joan etorria igogailu eta eskilara bidez egin ahalko da etorkizunean.
Zubi berri hau egungoa baino altuagoa izango da gainera. Baina horretarako, orain arte baliatu ahal izan dena eraitsi beharra dago. Hori da hain zuzen, egunotan egingo dutena. Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez, atzo hasi bihar arte, ekainaren 13ra arte luzatuko dira lanok.
Errepidearen itxiera
Lan hauen ondorioz, atzo bezala, datozen bi gauotan, 22:00etan hasi eta goizaldeko 6:00ak arte itxi egingo dute N634 errepidea San Inazio paretik Oxtaperaino, Txaramuntoko pasabide alternatiboa eraiki zutenean egin bezalaxe. Ordu tarte horretan, beraz, ibilgailuen joan etorria herri barrutik bideratuko da.
Aginaga aldetik datozenek nahiz Kaxko inguruan bizi eta Donostia aldera doazenek San Inazio parean irten beharko dute N634 errepidetik, herri barrura sartu eta handik gero Bizkarretik berriz errepide berean sartu ahalko dira. Usurbil aldera datozenek, Troia aldetik nahiz Oxtapetik herri barrura sartu eta San Inazio parean itzuli ahalko dira berriz N634 errepidera, Aginagarantz joateko.
Beheko mapan ikus dezakezuen moduan, morez itxiko dute errepide zatia, urdinez Donostia alderantz jotzeko non irten beharko den N634 errepidetik eta herri barrutik egin beharko den bidea. Azkenik, gorriz nabarmendua duzue, Oxtapetik San Inaziora joateko nondik igaro ahalko garen.
“Aurrekoan bezala, udalak oraingoan ere eskatu die langile bat jar dezatela ibilgailu handiak kaxkora ez bideratzeko, trabatuta gelditzeko arriskua saihestuz”, ohartarazi dute Udaletik.
Oinezkoentzako pasabidea Txaramuntotik
Gogoan izan, Etxealdiako zubia maiatzaren 27az geroztik itxita dagoela. Haren ordez, Txaramunto paretik pasabide alternatiboa duzue tren geltoki aldera joateko edo herri erdigunerantz igotzeko. Etxealdiakoaren antzera, eskilarak nahiz pasabide laua ditu N634 errepidea gainetik zeharkatuko duen behin-behineko zubi honek. Bizikletekin eta patineteekin doazenek, gainerakoen antzera, oinez zeharkatu beharko dute pasabide alternatibo hau. Hamar bat hilabetez erabili beharko da zubi hau.