Urte hasieran izan genuen azkenekoz, gauzatzear diren lerrootako proiektuaren berri. Etxealdiako igogailuaz ari gara. Kale Nagusia eta auzoa lotuko ditu, kale horretako 10 zenbakiaren parean. “12 metroko desnibela gaindituko du. Beheko partean inguruarekin bat egingo duen eskailera eta begiratokiak izango ditu" berri eman zuen Usurbilgo Udalak, horretarako lur-jabeekin akordioa erdietsi zuela berri ematearekin batera. Gaineratu zutenez, "proiektuan sartu da, baita ere, igogailuaren oina eta San Esteban 12 ataria modu irisgarrian lotuko duen aldapa bat eraikitzea”.
Igogailu hau eraikitzen hastear dira. Astearte goiz honetan, Kale Nagusian jasotako irudia duzue ondokoa. Zenbait aparkaleku hesitu dituzte. Udalak aditzera eman duenez, eraikuntza lanak hastear dituzte.
“Lanak egin ahal izateko, aparkaleku batzuk kendu dira eta oinezkoentzat ibilbide irisgarri alternatiboak egokituko dira”. Argazkiko eremu horretan, Kale Nagusia 10ean izango du sarbidea igogailuak, “hamabi metroko desnibela gaindituko du”. Lanok Construcciones Urdinberri enpresak egingo ditu, 773.722,61 eurotan. Eusko Jaurlaritzaren 370.000 euroko dirulaguntza jasoa du Udalak egitasmo hau bideratzeko. Zazpi hilabeteko tartean eraikitzea aurreikusia dute.