Azken asteotan begi-bistakoa zen, lanak amaitzear izan eta irekitzear zutela. Heldu da eguna, azkenean. Gaurtik, Etxealdiara heldu zein handik herri erdigunera igotzeko pasabide irisgarri bezain segurua izango dute herritarrek. Izan ere, irudiotan duzuen igogailua martxan jarri dute asteazken honetan, otsailaren 11n.
Eskilarez inguraturiko igogailuak Etxealdia eta Kale Nagusia 10 lotuko ditu aurrerantzean. Legealdiko Planean txertatutako egitasmo estrategikoa da honako hau, Etxealdia eta herri erdigunea elkar hurbilduko dituena aurrerantzean. Udaletik zehaztu moduan, "igogailuak 12 metroko desnibela gainditzen du".
Rehabite enpresa arduratu da igogailuaren diseinu lanaz. "Guztira, 773.700 euro inguruko inbertsioa izan da, eta ia erdia Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza batekin finantzatua izan da (370.000 euro). Azpiegitura berriaren helburua herritarren eta batik bat Etxealdiko bizilagunen eguneroko mugikortasuna erraztea da".
Igogailura Etxealdiatik heltzeko pasabide berritu eta irisgarriak ditu. Gauza bera egin dute baita, noski, Kale Nagusi aldetik ere. Kale Nagusi pareko igogailuaren sarbidean egoteko lekua du baita instalakuntzak.
Udal ordezkariak, nahiz proiektu hau gauzatzeaz arduratu direnak gerturatu dira gaur, igogailuaren funtzionamendua ikustera, Etxealdiako hainbat bizilagunekin batera. Dagoeneko erabilgarri duzue.
Irisgarritasun planaren baitan
Gobernu taldetik gaurko bisitan nabarmendu duten moduan, Etxealdian bizilagunekin batera aurreko legealdian lantzen hasitako landutako auzoko irisgarritasun planaren baitan kokatua dago igogailu honen egitasmoa. " Auzo osoan hobekuntzak egiteko neurriak jaso ziren dokumentuan, eta lau fasetan gauzatzea adostu zuten", Udaletik gogorarazi dutenez.
Fase horietan guztietan, azkenean kokatu zuten igogailua hau eraikitzea, "besteak beste, aurrekontu altua zuelako: proiektuak Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza handi bat jaso zuenez, aurreratzea erabaki zen. Igogailu berriak bi begiraleku ditu, eta igogailura iristeko espaloia eta San Esteban 12 atariarekin modu irisgarrian lotzeko arrapala bat ere eraiki dira".
Paraleloki, irisgarritasun plan horren baitan, San Esteban kalea egokitzeko lanak egin dituzte bi fasetan. "Kalearen goiko zatia egin zen 2023an, eta beheko zatiko obrak amaitzear dira, orain. Bigarren zatiko obrak tren geltoki berriaren obren menpe egon dira, geltokia eta San Esteban kalea lotzen dituen zubia berritu behar baitzuen ETS-k, zubiaren oina igotzearekin batera. Hori egin ostean hasi ziren San Esteban kalearen bigarren zatia egokitzeko obrak". Lan horien bigarren fasea ikusten izan dira gaurkoan, amaitzear dute.
Lan hauen ondotik, "auzoaren beheko zatia egokitzea faltako da. Hain zuzen ere, IUPI Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integralean txertatu du udalak. Urtarrileko osoko bilkuran onartu zuten plana, aho batez eta hasieraz: GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, jendaurrean jarriko da, interesdunek ekarpenak egin ditzaten: halakorik ez bada, behin betiko onartuta geldituko da. San Esteban kalearen jarraian, berdegunea etxebizitzetara hurbildu eta aparkalekuak berrantolatuko dira, oinezkoentzako segurtasun eta irisgarritasun baldintzak hobetzeko".