Adi, aldaketak zirkulazioan gaurtik Ugartondoko lanak direla eta

Ugartondoko urbanizazio berria eraikitzeko lanak hasi berri dituzte. Ondorioz, Usurbilgo Udalak zirkulazioan aldaketak izango direla ohartarazi du gaurtik, martxoaren 26tik aurrera.

Ohar bidez Udalak jakitera eman duenez, "obra honek eremu horretako zirkulazioa aldatzea ekarriko du", aipatu moduan, astearte honetatik (martxoak 26) obrak amaitu artean. Batetik, "Pikaolatik Kaxkorantz doan errepidea itxi egingo dute, eta, ondorioz, Ugarte aurreko errepidea bi norabidekoa bihurtuko dute. Ibilgailuen joan-etorria semaforo bidez erregulatuko da: aldaparen hasieran eta amaieran jarriko dira semaforoak".

Bestalde, "haur-eskolako aparkalekuak kendu egingo dira, errepide hori bi norabidekoa bihurtuko delako. Edonola ere, haur-eskolako erabiltzaileentzat haur-eskolatik ermitara bitarteko errepide zatia egokituko da, umeak utzi edo jaso bitartean, ibilgailua une batez aparkatu ahal izateko". 

Obrak amaitu artean iraungo duten aldaketon aurrean, adi Udaletik herritarrei luzaturiko aholkuari. "Zonalde horretan ibilgailuen joan-etorria arintzeko, herritarrei eskatzen zaie Troiako sarrera-irteera, ahal den neurrian, saihesteko, eta herriko sarrera nagusiak erabiltzeko".

"Hutsunea" betetzen hastera doaz
Hutsune handi bat sumatu ahal izan da azken hilabeteotan Ugarte baserri ingurura hurbiltzean. Urte luzez, zutik ziren eraikinen ingurua hesitu zuten iazko otsailean eta apirilean hasi zituzten eraiste lanak. Zutik mantentzen den bakarra egun, aipatu Ugarte baserria bera da. Eta baita, lehenik, Alkartasuna Kooperatibaren egoitza izan, eta gerora, Usurbilgo Gaztetxearen kokagunea izan zen eraikineko hormaren bat. Gainerakoan eremua libre izan da orain arte. 

Egunotan hasi dituzte iazko urtarrilaren 25ean, Usurbilgo Udalak Oiardo Kiroldegian zozketatu zituen babes ofizialeko 46 etxebizitza eta 46 etxebizitza tasatu eraikitzeko lanak. 

Txirikorda, diseinu lan betean
Gogoan izan, Ugartondoko urbanizazio berrian kokatuko dela Txirikorda, belaunaldi arteko etxebizitza komunitario berria. Asteotan diseinatzen ari dira proiektua, etxebizitza honen erabiltzaile potentzial izango diren gazte eta pentsiodunak. Usurbilgo Udalak antolatu eta Hiritik At! kooperatiba dinamizatzen ari den parte hartze prozesua azken txanpan da jada. Martxoak 23rako deitu zuten azken aurreko saioa, “Bizikidetza”-ren ingurukoa. Gai hau landu eta honen gaineko erabakiak hartu zituzten. Bosgarren eta azken saioa, apirilaren 6rako iragarri dute aipatu leku eta ordu berean. "Funtzionamendua" izango da ahotan hartuko duten lanketarako gaia.

Proiektuaren gakoak
Nori zuzendua: emantzipazio fasean egon eta etxebizitza alokatu edo erosi ezin duten gazteak. Dependentzia egoeran ez diren, autonomoak diren adinekoak.

Etxebizitzaren kokagunea: Ugartondon eraikiko diren etxebizitzen eremuan, Udalak duen lursailean.

Etxebizitza kopurua: aurreikuspenen arabera, 16 bat.

Etxebizitzaren izara: erabiltzaileen beharretara egokituriko etxebizitzak pribatuak izango diren arren, eraikina publiko eta komunitarioa izango da, behar kolektiboei eta belaunaldi arteko elkarbizitza sustatuko duten espazio komunak izango ditu.

Etxebizitzaren jabetza: Usurbilgo Udalarena.