Baba beltz txikiaren kofradiakoen egun handia gaur

Noaua Aldizkaria 2019ko abu. 29a, 08:07

Baba beltz txikiz hornituriko bazkari ederra dastatu eta kofradekide berria izendatuko dute, ostegun honetan Saizar sagardotegian ospatuko duten jaian. Bertaratu nahi duenak aurrez erreserbatu beharko du lekua.

Tradizioak bizirik dirau eta aurtengoan ere ez dute hutsik egingo. Baba beltz txikiaren kofradia abuztuko azken ostegun honetan bilduko da, hilaren 29an Saizar sagardotegian.

Lau hamarkadako ibilbidea egina du jaiak. Baba txikiari gorazarre egiteko urteroko bilkurak ezinbestekoak diren bi osagai ditu; batetik otordua bera, menua. Bestetik, bazkalostean duela hogei bat urtetik egin ohi duten erritu modukoa. Bazkariari dagokionez, produktu izarra baba beltz txikia dugu. Eta bazkalostean dator, nolabait esatearren, eguneko une gorena. Kantu giroan urtero kofradiako kide berri bat izendatzen dute, urtebete barrurako kide berria nor izango den iragartzearekin batera. Hautatutakoari kapa eta txapela jarriz, zin egiteko moduko ospakizuna burutzen dute, lurra lantzeko tresna baten, laiaren laguntzaz.

Berezia izango da aurtengoa. Iazko abenduan zendu eta martxoan Usurbilen herri omenaldi hunkigarria jaso zuen kofradiaren sortzaile Felix Sarasola faltako baita. Hitzordua, abuztuaren 29an 14:00etan Saizar sagardotegian.

BABA BELTZ TXIKIAREN KOFRADIAREN EGUNA
Eguna: abuztuak 29, osteguna.
Ordua: 14:00ak aldera.
Tokia: Saizar Sagardotegia.
Zehaztasunak: Baba Beltz Txikiaren kofradiaren urteroko ospakizun eguna. 1997an hasi ziren ospatzen. 22. edizioa dute aurtengoa. Kofradekide berria izendatuko dute jaialdian. Bazkariko menua: baba beltz txikia, isatsa saltsan eta postrea.
Informazio gehiago eta izen emateko:
943 364 597
sidrassaizar.com