Kalezarko Pikaola eta Murkaiku arteko bidea asteazkenera arte itxita

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 25a, 08:00

Bertan eraikitzekoak diren bidegorriko lanak tarteko, errepidea moztuta izango da astelehen eta astearte honetan Kalezarko eremu horretan. Ibilgailuen joan etorrientzako Troiako pasabidea baliatu beharko da. 

Errekatxiki kalerako sarbidean mezu argia aurkituko duzue; 600 metrora Kalezarren bidea itxita dagoela ohartarazten duen seinalea. Hala da; Pikaola eta Murkaiku lotzen dituen bide zatia itxita dago. Eta hala egongo da datozen bi egunotan, astelehen eta asteartean, otsailaren 24an eta 25ean hurrenez hurren.

Bertan egiten ari diren lanengatik itxi dute bidea; Udalak aurreko astean ohartarazi zuen bide itxiera honetaz. Bidegorriaren zati berri bat eraikitzen ari dira bertan eta ondorioz, ezinbestean itxi egin behar izan dute bide hau bi egunotan. Inguruotatik igarotzekoak bazarete, kontuan hartu beharreko ibilgailuen joan etorriei lotutako oharra. "Kalezarren goiko trafikoa, Haranetik gorako guztia edo Troiako aldapatik gorako guztia, Troiatik bideratuko da bi egun horietan", udaletxetik aditzera eman dutenez. 

Kalezar lanetan
Lan ezberdinak burutzen ari dira egun Kalezarren. Batetik aipaturiko Pikaola inguruko lanak; bidegorria eraikitzeko. Ondoan, Ugartondoko etxebizitzak eraikitzen dabiltza. Ez ahaztu bestalde, Udala, Kalezarko Felix Aizpurua plazako Pelaioenea eraikina birgaitzen hasia dela. Bertan kokatuko dira etorkizunean, Emakumeen Etxea eta kalezartarrentzako udal ekipamendua. Udal ekipamendu honi begira, auzotarren beharrak biltzeko bilera deitu du Usurbilgo Udalak asteazken honetarako, otsailaren 26rako 19:00etan Haur Eskolan.