Kalezartarren beharrak jasotzeko bilera 19:00etan Haur Eskolan

Udala jada birgaitzen hasia den Pelaioenea eraikinean kokatu asmo duten kalezartarren beharrei erantzuteko udal ekipamendu berriaren egitasmoa definitzen hasi nahi du kalezartarrekin, asteazken honetan, otsailaren 26an 19:00etan Haur Eskolan deitu duen bilera irekian.

Usurbilgo udal gobernu taldea kalezartarrekin bilduko da asteazken honetan, otsailaren 26an, iluntzeko 19:00etan Haur Eskolan deitu duen hitzorduan. Haien beharrak jaso nahi dituzte. Gogoan izan, Kalezar erdiguneko Pelaioenea eraikina birgaitzen ari da Udala. Bi egitasmoren bilgune izango da: Emakumearen Etxearena eta kalezartarrentzako udal-ekipamenduarena. “Bi proiektu desberdin izan arren, biak elkarrekin haztea ahalbidetuko du Pelaioeneak, eta batak zein besteak auzoko bizitzan modu positiboan eragingo dutela espero du udal-gobernuak”, berri eman dute.

Udal ekipamendu gabeziaren hutsunea beteko dute hartara Kalezarren. Hilaren 26ko bilera horretara dator, auzotarrekin bildu eta haien beharrak jasotzera, “eraikinaren barruko aldea marrazten eta zehazten lagunduko baitie horrek”.

Pelaioeneaz
Usurbilgo Udalak iaz Udalberri aldizkari bidez jakitera eman bezala, Udalak Kalezar erdiguneko eraikina erosi zuen duela 8 urte. Egoera txarrean egonda, eta kalezartarren eskaera aintzakotzat hartuta, eraikina birgaitzea erabaki iaz eta lanak hasi ditu jada Usurbilgo Udalak. "Guztira 100.000 euro bideratuko dira. Era berean, udal-gobernuak beharrezko ikusten du kalezartarrekin batera eraikin hori zertarako erabili erabakitzea. Hots, proiektu sozial bat garatzea", berri eman zuen Udalberri aldizkariak. Horretara dator hain zuzen, Udalak hurrengo asterako iragarri duen bilera.