Kalezarko Pelaioenean kokatuko den Emakumeen Etxearen inguruko aurkezpen ekitaldia larunbatean

Dakizuenez Usurbilgo Udala Kalezarko Pelaioenea birgaitzen, teilatua eta fatxada konpontzen hasia da. Etorkizunean kalezartarrentzako udal ekipamendua kokatuko dute bertan, baita Emakumeen Etxea ere.

Azken egitasmo honekin urrats berriak ematera doa udal gobernu taldea laster. Parte-hartze prozesu bat abiatzekoa da apirilean. Xehetasun guztiak martxoaren 14an (larunbata) emango dituzte ezagutzera, eguerdiko 12:30etan Sutegiko erakusketa aretoan iragarri duten ekitaldi irekian.

Guztira, Elhuyarrekin eta Udaleko Parekidetasun Saileko teknikari eta zinegotziarekin batera bost saio egitekoak dira. Besteak beste, Emakumeen Etxea edukiz hornituko dute; gunearen helburuak, erabiltzaileak, espazioaren antolaketa, funtzionamendua eta gehiago adostu nahi dira prozesu horretan zehar. Etxea bera barrutik nolakoa izan erabakiko dute, azaleratuko diren beharretan oinarrituta. Gaiarekiko interesa duen edonori egongo da zuzendua prozesua, bereziki emakume norbanako zein taldeen ordezkariei noski.

Kalezar, etorkizunera begira
Eraldaketa betean da Kalezar. Ugartondon auzune berria eraikitzen ari dira. Pikaola inguruan bidegorria egiteko lanak ere martxan dira. Ondoan, beharbada hilabete honetan bertan garabiak ere adinekoen auzunea altxatzen hasiko dira. Pelaioenea eraikina ere birgaitzen ari da Udala. Bertan kokatuko dira etorkizunean Emakumeen Etxea eta kalezartarrentzako udal ekipamendua. Ekipamendu honi begira, auzotarren beharrak bildu zituen Udalak, Udalaren ondoko argazkian ageri den moduan, duela bi aste Haur Eskolan egin zuten bileran.