Kalezarko adinekoen auzunea eraikitzen hasiko dira gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 17a, 13:27

Lanek bi urte iraungo dutela aurreikusi du Udalak. Lehenago amaitzekoak dira Kalezarren martxan diren beste proiektu batzuk; datorren astean irekitzekoak dira Puntapax kaletik Kalezarrera igotzeko bide zatia eta hilaren amaierarako, etorkizunean Emakumeen Etxea eta kalezartarren udal ekipamenduaren kokagunea izango den Pelaioenea eraikinaren teilatuko lanak.

Itxuraldatze betean da Kalezar, are gehiago gaurtik aurrera. Batetik, Ugartondon babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzen ari dira, handik gertu oinezko nahiz bizikleta erabiltzaileentzako bidegorria ere egokitu dute hilabeteotan. Kalezarko plazan kokatua dagoen Pelaioenea eraikina ere eraberritzen ari dira; bertan kokatuko dute etorkizunean Emakumeen Etxea, eta kalezartarren bilgune izango den udal ekipamendua ere.

Gaurtik egitasmo berri bat, aspalditik datorren eskaera bati erantzuteko lanak hasiko dituzte; adinekoen auzunea eraikitzen hasiko dira, Haur Eskola eta Eguneko Zentroaren egoitza ondoan, garai bateko monjen konbentua izandako lur eremuan, Usurbilgo Udalak berri eman duenez.

Matiaren zaintzadun etxebizitzen auzunea eraikitzeko lanek "luze joko dute", Udalak ohartarazi duenez. Aurreikuspenen arabera, bi urte behintzat bai. Tarte honetan, "kamioien joan-etorria handituko du horrek, baina Troiako aldapatik ibiliko dira, Kalezarren erdigunera edo herrigunera sartu gabe". 

Pelaioeneako teilatua
Hain zuzen bai Ugartondoko etxebizitzak eraikitzeko lanen eraginez eta Pelaioenea eraikinaren birgaitze lanak tarteko, bi obra hauek inguruotako ibilgailuen joan etorrian eragina dute. Udalak iragarri duenez, Puntapaxeko zubitik Haur Eskolara igotzeko itxita dagoen bide zatia datorren astean irekitzekoak dira ibilgailuen joan-etorriarentzat, aste hasieran asfaltatu ostean. "Lehen bezala funtzionatuko du ireki ostean ere: behin-behineko semaforoak jarriko dituzte".

Bestetik, Udalak berri eman duenez, Pelaioenearen teilatua konpontzeko lanak "hilaren amaierarako bukatuko dituzte".