Ugartondoko etxebizitzek balkoiak izateko eskaera

Eraikitze lan betean diren Ugartondoko babes ofizialeko etxebizitza edo tasatua egokitu zitzaienen artean, etorkizunean bertako bizilagunak izango diren hainbat bildu, eta taldetxoa osatzen ari dira eskaera baten bueltan; etxebizitza hauetan balkoiak izatea galdegiten dute, NOAUA!ra helarazi duten gutunean.

NOAUA!-ra igorri duten gutunean, zozketa bidez Ugartondon egokitu zitzaizkien etxebizitzek balkoia izatea eskatzeko taldetxo bat osatzen ari da etorkizunean bertan biziko diren herritar talde bat. "Ez dugu lortu denongana iristea", horregatik eremu honetan eraikitzen ari diren etxebizitza bat esleitu zitzaienei "deia luzatu nahi dizuegu taldera batu zaitezten", dio gutunak. 

Ahalik eta bizilagun gehien elkartu nahi dituzte; "denon iritzia jaso eta behar den lekuan idatzi bat aurkezteko". Balkoiak nahi dituzte etorkizunean bizileku izango dituzte pisu berriotan. Hemen, NOAUA!ra igorri duten gutuna osorik:

UGARTONDON BALKOIAK NAHI DITUGU!
Asko eta asko gara Ugartondon babes ofizialeko etxebizitza (VPO) edo etxebizitza tasatua (VPT) erosi dugunok. Etxebizitzak gutxinaka gora egiten ari zirela ikusten ari ginenean COVID-19ak egoera erabat aldatu zuen: etxetik atera gabe egon gara bi hilabetez, eta orduan, beste askok bezala, balkoia izatearen garrantziaz jabetu gara. Ildo beretik, duela hilabete aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak Bizigarritasunari buruzko Dekretua, eta bertan ere zehazten da etxebizitza berriek gutxienez 4 metro karratuko balkoia izan beharko dutela. Horrek bultzatu gaitu, hain zuzen, erosi berri dugun etxebizitzetan -babes ofizialekotan zein tasatutan- balkoia jartzeko eskaera egitera. 

Etxebizitza hauek eskuratu ditugunon artean dagoeneko egin dugu taldetxo bat, baina ez dugu lortu denongana iristea. Hortaz, Ugartondon halako etxebizitzarik eskuratu duzuenei deia luzatu nahi dizuegu taldera batu zaitezten: ahalik eta gehien elkartzea da helburua, denon iritzia jaso eta behar den lekuan idatzi bat aurkezteko. 

Interesa baduzu, idatzi: ugartondobalkoiak@gmail.com