"Etorkizuneko Pelaioenea mamiz eraikitzen hastera goaz"

Kanpoko egitura konpondu eta itxura berritu ostean, barneko egitura eraikitzen hasteko ordua heldu zaio Kalezarko Pelaioeneari. Etorkizunean Emakumeen Etxea eta kalezartarrentzako udal ekipamenduaren egoitza kokatuko dira bertan. Bi egitasmo hauek definitzeko parte hartze prozesu bana iragarria zuen Usurbilgo Udalak. Martxoan hastekoak zituen, baina covid19-a tarteko, udazken honetara atzeratu behar izan dute. Irailaren 19an abiatuko dira. Xehetasunak aurreratu ditu jada Usurbilgo Udalak, Pelaioenea ataritik.

"Etorkizuneko Pelaioenea mamiz eraikitzen hastera goaz", iragarri du Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak. 

Legealdiko proiektu gakoetako bat garatzen hastera doaz, baina ez bakarrik, herritar eta eragileen laguntzaz. "Pelaioenea birgaitu eta biziberritzeko konpromiso irmoa dauka udal gobernu honek", alkatearen esanetan. Horretarako bi prozesu parte hartzaile iragarri dituzte, "elkarren eskutik" joango direnak, eta hauen bidez "definitu nahi dugu Pelaioenearen etorkizuna". Alkatearen esanetan, "proiektu sozialak zehaztuko du aurrerago egin beharreko hirigintza eskuhartzea". 

Irailaren 19an (12:00etan Pelaioenea atariko plazan) aurkeztuko dituzte zehatz mehatz aipatu eraikinean egoitza izango duten Emakumeen Etxearen eta kalezartarrentzako udal ekipamenduak definitzeko parte hartze prozesuen nondik norakoak. "Gonbita luzatu nahi dugu; irailaren 19an plaza honetan ekitaldi ireki bat egingo dugu, gaur aurreratu dugun prozesu honen nondik norakoen berri emateko. Beraz, prozesu hauetan parte hartu nahi duen kide orori -bai Kalezarko auzotarrei, herriko mugimendu feministari, edota berdintasun alorrean lanean edota horretan ekarpena egin nahi dion emakumeei- benetan gonbita egiten diegu irailaren 19an egingo dugun ekitaldi horretan parte hartzera, eta nola ez, gerora egingo ditugun saio ezberdinetan parte hartzera", alkatearen esanetan.

Kalezar bizigarriagoa helburu
Aurreratu dutenez, Emakumeen Etxeari eta kalezartarren udal ekipamendua definitzeko parte hartze prozesuak elkar loturik izango dira. "Bi gune bereizi izango ditugun arren, elkarren berri izan eta elkar elikatuko duten prozesuak izatea espero dugu", adierazi du Naiara Arri, Elhuyarreko ordezkariak. Zereginotan esperientzia zabala duen Elhuyarrek dinamizatuko ditu prozesuok.

Bi egitasmoek helburu bera dute; "Kalezar bizigarriagoa izatea". Proiektu osagarritzat jo ditu alkateak. Emakumeen Etxeari dagokionean, "nahiko genuke eraikin hau, Emakumeen Etxea, Usurbilgo emakumeentzako erreferentziazko gune bat, espazio bat izatea. Emakumeak ahalduntzeko espazio bat, elkar ezagutu, topatu, zaindu, hausnartu, konspiratu, maitatu, eraiki edota burujabetzeko gunea hain zuzen ere". 2010ean Parekidetasun Saila sortu ostetik arlo honetan udalerri honetan jorratu den "bide luze eta emankorra" nabarmendu du alkateak. 

Aurreko Berdintasun Planak jada "Usurbilen Emakumeen Etxea edo antzeko egitasmo bat sortzeko beharra jasotzen zuen. Orain egitasmo hori gauzatzera goaz", iragarri du Solaberrietak. "Emakumeen neurrira egindako proiektua osatu nahi dugu eta prozesuan zehar, honako gai hauen inguruan gogoetatu eta erabaki beharko dugu guztion artean". Usurbilgo emakumeekin, mugimendu feministarekin, berdintasunaren alde lanean dihardutenak bidelagun izanda.

"Auzo guztien Usurbil eraiki nahi dugu"
Eta kalezartarrentzako udal ekipamendua auzotarren laguntzaz. "Auzotarrek auzoaren beharrei erantzuteko lokal bat behar dutela helarazi diote udal gobernuari eta Pelaioeneak horretarako aukera ematen du gure ustez", adierazi du Oxkar Santamaria zinegotziak.

Auzoen Usurbil eraikitzeko erronkaren bueltan kokatzen du egitasmoa udal gobernu taldeak. "Auzo guztien Usurbil eraiki nahi dugu. Auzo bizigarriak nahi ditugu, ez dugu Kaxkoa eta auzoen arteko desberdintasunak areagotzerik nahi, arrakalarik sortu nahi. Auzoek ere nortasun, ezaugarri, behar, eta errealitate propioak dituzte eta horietan arreta jarri nahi dugu, auzoetako bizi kalitatea hobetzeko asmoz". Horretarako ezinbestekotzat jotzen dute udal gobernu taldetik, "auzo bakoitzaren beharrak identifikatu, bertako komunitatea kontuan hartu eta eurekin batera proposamenak landu, kohesio soziala, mugikortasun jasangarria eta zerbitzu publikoen eskuragarritasuna bermatzeko".

Kalezar jarri du adibide moduan. "Kalezar aldaketa betean dago oraintxe. Bidegorria egin da. Ugartondo eta Matiaren obrak martxan daude. Eta orain, Pelaioenearen etorkizuna eraikitzera goaz".