Emakumeen Etxea eta auzo ekipamendua

Pelaioenea barnetik eraikitzeko hitza hartzeko garaia

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 19a, 21:08

Kanpotik birgaitua duten etorkizuneko Kalezarko Pelaioenea atarian aurkeztu dituzte gaur, bertan egoitza izango duten Emakumeen Etxea eta auzotarren udal ekipamenduari lotutako parte hartze prozesuen nondik norakoak Usurbilgo Udalak eta Elhuyarrek. Urrian abiatuko dituzte prozesuok, proiektu hauei forma emateko interesa duten herritar eta eragileekin. "Etorkizuneko Pelaioenea mamiz eraikitzen hastera goaz gaur", iragarri du Usurbilgo alkateak.  

Pelaioenea birgaitu berria dute, barrua hutsik ordea. Baina egituratu eta erabiltzen hasteko lanerako prest ziren, larunbat eguerdi honetan, eraikin atariaren bueltan bildu diren udal ordezkari, teknikari eta herritarrak. 

2018ko udan eraikina erortzeko arriskuan zela jabetu ostean, fase ezberdinetan birgaitzen joan dira Pelaioenea; lehenbizi segurtasuna bermatzeko lanak bideratu zituen Udalak, "ondoren etorri zen kanpoko egitura egonkortzea eta teilatu berria egitea. Eta orain zer?, galdetzen zuen alkateak.

Eraikinaren atariko Felix Aizpurua plazan zertarako bildu diren aditzera eman diete Usurbilgo Udalak eta Elhuyarrek deitu duten ekitaldian; udal gobernu taldetik legealdiko proiektu garrantzitsuenetarikotzat jo duten Pelaioeneako "egitasmoa gorpuztera ekitera goaz", bestela esan duten moduan, "etorkizuneko Pelaioenea mamiz eraikitzen hastera goaz gaur".  

"Pelaioenea birgaitu, zaharberritu eta biziberritzeko konpromiso irmoa"
Etorkizunean bertan kokatuko dira Emakumeen Etxea eta kalezartarrentzako udal ekipamendua. Bi proiektu hauek zehazteko parte hartze prozesu bana abiatuko dute urrian. Prozesuon aurkezpen ekitaldia egin dute larunbat honetan, bai bat zein bestearekiko interesa agertu duten herritar eta eragileetako ordezkarien aurrean.

Udal gobernu taldea pozik agertu da, deialdiak izan duen harrerarekin. "Milesker aurkezpen honetara etortzeagatik. Egia esan, gu jada ilusionatuak gaude proiektu honekin baina plaza honela ikustea are ilusionagarriagoa da", adierazi du Agurtzane Solaberrieta alkateak. 

Covid19-ak atzerarazi egin du proiektuotan urratsak ematea; baina heldu da unea eta "udal hau ilusio eta gogo berarekin gaude" ekiteko. "Pelaioenea birgaitu, zaharberritu eta biziberritzeko konpromiso irmoa" dutela adierazi du alkateak.

Eskutik helduta garatu eta bide horretan elkar elikatuko diren, eta azkenerako Pelaioenea barrua eraikitzea ahalbidetuko duten bi proiektu elkarbiziko dira. "Biek ala biek Kalezar auzoari ekarpen handia egin diezaioketen proiektuak direla uste dugu eta auzo hau bizigarriagoa izan dadin lagunduko dutela", adierazi du Solaberrietak.

Inbertsioa 2021eko udal aurrekontuetan
Proiektuok emango diote forma eta bizitza Pelaioenea berrituaren barrualde hutsari. "Zer eta nola beteko dugun", alkateak gaurko ekitaldian zehaztu duenez. Horretarako iragarri dituzte bi parte hartze prozesuak. Herritar nahiz eragileekin jorratuko duten bideak definituko du gerora, eraikin barruko "eskuartzea zein den". Eta lanok gauzatzeko inbertsioa 2021eko udal aurrekontuetan txertatu asmo duela iragarri du gaur udal gobernu taldeak, urte berean lanei ekiteko.

Pelaioenean bi proiektu elkarbiziko dira, "bientzako tokia dagoela uste dugu eta gainera esan dudan bezala proiektu osagarriak izan daitezkeela uste dugu". Ildo hau sustatzearen aldeko apustua berresten dute udal gobernu taldetik. "Gure leloa ("Usurbiltzen") bereiztu baino batu da eta herritarren eta herriko elkarteen elkarlanerako espazioak sortzea da gure helburua". Birgaitze lanak amaitzear dituzten Kale Nagusiko Villa Pilar eraikina jarri dute adibide moduan; Zumarte Musika Eskolaren edota Orbeldi Dantza Taldekoen egoitza izango da laster.   

"Kalezar bizigarriagoa izan dadin"
Pelaioenean ere Emakumeen Etxea eta auzo ekipamendua elkarbiziko dira. "Kalezar bizigarriago bat izan dadin beste pauso bat izango da, biek auzoari egingo dioten ekarpenari esker", adierazi du Oxkar Santamaria zinegotziak.

Kalezar eraldatze betean dela gogorarazi du, bidegorria, Ugartondoko etxebizitzak, adinekoen auzune berriaren eraikitze lanak eta Pelaioeneako proiektuei esker. "Auzo guztien Usurbil eraiki eta auzo bizigarriak izatea nahi genuke. Ez dugu Kaxkoa eta auzoen arteko desberdintasunak areagotzerik nahi". Ildo horretan, auzoen bizi kalitatea hobetu nahi dute, tokian tokiko beharrak identifikatu, auzokideekin proposamenak landu, azkenean, "kohesio soziala, mugikortasun jasangarria eta zerbitzu publikoen eskuragarritasuna bermatzeko". 

Iaz Txokoaldeko Akerrarekin egin bezala, orain kalezartarrei hitza eta erabakia emango die Udalak Pelaioeneko txokoa definitzeko. "Auzotarrek auzoaren beharrei erantzuteko lokal bat behar dutela helarazi diote udal honi eta Pelaioeneak horretarako aukera ematen duela iruditzen zaigu", adierazi du Santamariak. 

"Hemen gorpuztu nahi dugu Emakumeen Etxea"
Kalezartarrentzako udal ekipamenduarekin batera, Emakumeen Etxearen egoitza izango da Pelaioenea. "Erreferentziazko espazio bat", espazio propio bat Aroa Etxeburua zinegotziaren esanetan, "emakumeak elkar topatzeko, ahalduntzen jarraitzeko, zaintzeko, ikasten jarraitzeko, deseraikitzeko, maitatzeko". 

Mugimendu feministak urte luzez eginiko eskaera gauzatuko da egitasmo honekin, Usurbilgo Udalak ere 2010ean Parekidetasun Saila sortu zuenetik berdintasunaren jorraturiko bidean urrats berri bat. Hain zuzen "jada azkeneko Berdintasun Planak jasotzen zuen proiektu hau". Kokagunea badu jada; Pelaioenean. "Hemen gorpuztu nahi dugu Emakumeen Etxea".   

Abiatzear duten parte hartze prozesura gonbidatu dituzte, Kafe Tertuliako neskak, Martxoaren 8ko iraganeko nahiz egungo antolatzaileak, nahiz ekarpena egiteko interesa duen oro. 

Prozesu honekin erabaki nahi dute, "nolakoa nahi dugun Usurbilgo emakumeok izatea Emakumeen Etxea, zer behar dituen eraikuntza honek, nolako funtzionamendua nahi dugun izatea, nola izango den bi proiektu hauen arteko elkarbizitza, eraikuntza honen barruan, nolakoa izango den kudeaketa, eta batez ere zer behar nahi dugun asetzea Emakumeen Etxeak".