Emakumeen Etxea sortzeko prozesua hasi dute jada

Pelaioenean kokatuko den Emakumeen Etxearen barnealdea nolakoa izango den definitzen hasi dira jada zenbait herritar. Udalak sustatutako egitasmoa da, eta Elhuyarreko Aholkularitza teknikariek dinamizatuko dute prozesua. Helburuak izan dira hizpide lehen bileran, zer funtzio beteko dituen, nori zuzendutakoa izango den, zer espero den proiektuaz... 

Emakume ugarik hartu du parte lehen bileran. Adin guztietako emakumeak bildu dira Sutegiko erakusketa aretoan; ikasketak egiten ari diren emakumeetatik hasi eta jubilatuetaraino. Feminismoak bultzatuta batzuk, herriko martxan interes berezia dutelako besteak. Talde txikitan ideia ugari plazaratu dituzte, batzuk aurretik etxetik ekarriak, eta besteak taldean sortu eta osatutakoak. 

 

Lehen eskuartzeak bere fruituak eman baditu ere, lau bilera gehiago izango dira 2020 amaieran eta 2021 hasiera bitartean. Proiektu honi beste bat gehitu zaio eta elkar elikatuko dute ezinbestean; Kalezarko udal ekipamendua ere zehazten ari baitira. Bi proiektuak lotuta daude, Pelaioenean egongo direlako kokatuta. Hona datozen bilera egunak eta jorratuko diren gaiak:

 

EMAKUMEEN ETXEA
Aurreikusitako bilera kopurua: 5.
Hasiera eguna: urriak 8, 18:00 (Sutegiko erakusketa gela).
Bileren maiztasuna: hilero lehen astean.
Prozesuaren helburua: Emakumeen Etxearen zehaztapenekin lotutako alderdiak identifikatu eta lantzea.
Bileren edukia:
2. bilera (azaroan): etxearen printzipioak eta filosofia. Etxearen erabiltzaileak.
3. bilera (abenduan): etxearen jarduerak eta zerbitzuak. Antolaketa espaziala.
4. bilera (urtarrilean): etxearen kudeaketa-eredua. Etxearen funtzionamendua.
5. bilera (otsailean): aurrera begirako bide-orria.

 

AUZOTARREN EKIPAMENDUA
Aurreikusitako bilera kopurua: 3.
Hasiera eguna: urriak 15, 18:00, Haur Eskola.
Bileren maiztasuna: hilero bigarren astean.
Prozesuaren helburua: kalezartarren beharrei erantzungo dien auzo-ekipamendua zehaztea.
Bileren edukia:
1. bilera (urriak 15): auzotarren beharrak identifikatu.
2. bilera (azaroan): auzotarren beharrak asetzeko beharrezko espazioak definitu.
3. bilera (abenduan): espazioaren kudeaketa definitu.

 

Prozesuotan parte hartzeko:
-Aurrez izena eman eta hautatu ze parte hartze prozesuetan esku hartu nahi duzun: 943 377 110 / parekidetasuna1@usurbil.eus
-Lehen bilerarako hitzorduak zehaztu dira, hurrengo bileretakoak izena emandakoek zehaztutako lehentasunezko egun eta orduen arabera erabakiko dira.