Kalezarreko bideetako zenbait lan amaitu dituzte

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 4a, 09:15

Pikaola ingurua, 2020eko azaroko argazkia.

Eraldatze betean den Kalezarko zenbait bideetako lan amaitu dituztela berri eman du Usurbilgo Udalak. Eta zabalik dira honenbestez.

Pelaioeneko birgaitze lanak lehenik, adinekoen auzunea edota Ugartondoko babes ofizialeko etxebiziten eraikuntza lanak gero, Kalezar eraldatze betean da azken hilabeteotan. Proiektu guztiok lotzen dituzten herri bideetan ere hainbat lan bideratzen aritu dira azken aldian. Usurbilgo Udalak berri eman duenez ordea, zenbait hobekuntza lan amaitu dituzte. 

Batetik, Kalezarreko adinekoen auzunea eraikitzen ari diren eremu horren ondotik Txaparren-Berri baserrira jasteko bideko lanak aurreikusi baino lehenago amaitu ditu Matiak eta iragan astean zabaldu zuten. Urtarrilaren 18an itxi zuten bide hau. Bidea eta adinekoen auzunea eraikitzen ari diren eremua bereizten duen horma bota behar zuten. Lanak bi asteetan amaitzea aurreikusten zuten arren, uste baino lehenago hilaren 28an ireki zuten.

Pikaolako bide zatia zabalik
Handik gertu, Pikaolako bide zatia itxita egon da asteotan bertan, hainbat urbanizazio lan egin dituzte bertan. Ondorioz, itxita egon da eta Kaxkotik Kalezarrera autoz igo bakarrik egin zitekeen Haur Eskola aldetik ermitaraino. Eta han Harane aldera igo edota Kalezar erdigunera jo zitekeen berriz Usurbila jaisteko. Behin behineko semaforoek kudeatzen zuten inguru hau. 

Asteotan itzaliak izan diren ibilgailuen joan etorriak kudeatzeko semaforo hauek piztuta daude berriz. Pikaolako pasabidea zabalik. Lan hauen aurreko egoerara itzuli da zonaldea. Orain, Haur Eskola aldera igo edo jaitsi daiteke Kaxkotik autoz. Baina Haur Eskolako sarrera eta ermita arteko bide zatia itxita dago berriz. Pikaola aldera biratu beharra dago. Aipatu lan hauek hasi aurretik egin beharra zegoen moduan.

Troia-Txikierdiko lanak luzatuko dira
Troia eta Txikierdi arteko mendi magala egonkortzeko egiten ari diren lanak espero baino beranduago amaituko dira. Otsailaren 10ean amaituko zituztela aurreikusia zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, baina Aldunditik Usurbilgo Udalari martxoaren 3an bukatuko dituztela berri eman diote. Bitarte horretan, hilabeteotan bezala, N-634 errepideko errei bat itxita egongo da Troia eta Txikierdi artean. Behin behineko semaforoek kudeatuko dute ibilgailuen joan etorria.