Ikastolaren kanpo espazioa eraldatzen segitzeko auzolanerako deialdi berriak

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 4a, 11:04

Udarregi Ikastolaren kanpo espazioa auzolanean eraldatzen segitzeko hitzordu berriak finkatu dituzte datozen bi asteazken hauetarako, maiatzaren 5 eta 12rako, arratsaldeko 16:30etan hasita.

Auzolanean ikastola ataria, Udarregiko kanpoaldea eraldatzen dihardute, "guraso, irakasle, ikasle eta Udalaren artean". Asteburuan zintzilikatu duten albiste honi atxikitako bideoan ikus ditzakezue orain arte auzolanean bideratu dituzten hainbat lan: Haur Eskolako horma txuriz margotu dute, hilerri zaharrean egurrezko eserleku hainbat egokitu dituzte borobilean esertzeko. Azken aldian, hainbatetan ikasgela inguru honetara lekuz aldatu dute Udarregikoek. Agerialde eraikinaren ataria ere nabarmen txukundu dute...

Orain arteko formula bera baliatzen segi asmo dute asteotan ere; auzolanarena. Datozen erronkak ere zeintzuk izango diren zehaztu dute; "belar artifiziala txukundu hamaken azpian jartzeko HH3ko gelaren ondoan", "Haur Eskolako jolasak kendu eta elementu ezberdinak jarri txukundu ondoren", "kanpoan klaseak emateko aulki eta mahaiak jarri"...

Parte hartzeko deia
Udarregi Ikastolako kanpo espazio taldeak iragarri duenez, "lanean jarraituko dugu gure haur eta gazteentzako guneak eraldatzen". Deialdi berriak finkatu dituzte asteotarako. "Parte hartu nahi?", luzatu dute gonbita.

Auzolanerako bi deialdi berri iragarri dituzte; maiatzaren 5 eta 12rako hain zuzen, arratsaldeko 16:30etan hasita. Parte hartzeko interesa duenak mezu bat idatzi dezala helbide honetara: hitzaho@udarregi.eus Informazio gehiago hemen: udarregi.eus