Sagardo Eguna

Juan Luis Astiazaran: “Nik uste Sagardo Eguna usurbildarrontzat Santixabelak baino egun garrantzitsuagoa dela”

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 19a, 17:03

Sagardo Eguna ohiko modura ospatu nahi dute usurbildarrek, baina aurten ezinezkoa izango da. Taloren bat jan eta sagardoa dastatzen ibiltzea dute gustuko denek, baina talde txikiagotan ospatu zuten joan zen urtean Arratzainberrin. Aurtengo zein asmo duten kontatu dio Juan Luis Astiazaranek Noaua!ri. 

NOAUA! Joan zen urtean Sagardo Eguna etxetik ospatzeko deia egin zuten. Nola ospatu zenuen zuk?

Juan Luis Astiazaran: Gure etxebizitza handia da, bi familia bizi gara bertan. Nire arrebekin eta ilobekin hizketan aritu nintzen egun horretan zer egin erabakitzeko, eta azkenean iloba bidali genuen plastikoa hartzera etxean ere Sagardo Eguneko giroa izateko. Denok familiakoak gara, eta azkenean 8-10 elkartu ginen etxean. Azkenean, egun osoa giro ederrean pasatzeko aukera izan genuen. Goizean hamaiketako polit batekin ekin genion egunari, eta ez genekien oso ondo zein martxa eramango genuen eta segi eta segi eguna pasatu genuen. Janaria eta edaria izanda ez da askoz gehiagorik behar. Trikitixa pixka bat jarri, dantza egin eta frontoian egongo bagina bezala egin genuen. Herrira ezin genuen jaitsi, eta lekua badaukagu etxean, beraz, giro polita jartzeko aitzakia gutxi behar izan genuen. 

 

Urtero frontoian ibiltzen diren horietakoa al zara? Zein da zure urteroko ohitura?

Lehen, hamaiketako eder bat egin elkartean edo herriko tabernaren batean, frontoian sagardoa hartu eta hantxe ibiltzen ginen eguna luzatu nahian. Goizean frontoian hasi eta ilundu arte atzera eta aurrera ibiltzen ginen Sagardo Egunean sortzen den giro ezinhobea lagun. 

 

Zein da aurtengo asmoa?

Aurten ere aurreko urteko antzeko zerbait egitea da asmoa. Jada jakinarazi dute etxeratze agindurik ez dela izango eta jende pilaketei lotuta ere gauzak asko lasaitu dituzte, baina egoera oraindik ere ez da festa giroan ospakizunak egiteko modukoa. Beraz, etxean hamaiketako koxkor bat egin eta gero ikusiko dugu kalera jaitsi edo ez. Ilobak, agian, kalera jaitsiko dira, eta nire emaztea eta arrebak lana izango dute, orduan ez gara joan zen urtean bezainbeste izango, baina batzuk elkartuko gara; bost bat edo. Gogoz itxarongo dugu berriz ere Sagardo Eguna ohiturak ezarri modura ospatzeko garaia, eta ea hori datorren urtean posible den. Gainera, nik uste usurbildarrontzat Santixabelak baino egun garrantzitsuagoa dela, urte osoan zain itxaroten dugun eguna. Ea ahalik eta lasterren errekuperatzen dugun.