Emakumeen Etxeari lotuta gaurko deitua zegoen bilera, uda ostera atzeratua

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 3a, 09:46

Orain arte emandako urratsak berrikusi eta Emakumeen Etxea sortu arteko bidea definitzeko bilera deitua zuen Usurbilgo Udalak egitasmo honen lanketan parte hartzen ari direnekin, ostegun honetan, ekainak 3, 18:00etan Potxoenean. Baina uda ostera atzeratzea erabaki dute.

Kanpotik birgatua dagoen Kalezarko Pelaioenea izango da etorkizunean, Emakumeen Etxearen egoitza, baita auzotarren bilgunea ere, eraikin berean kokatuko baita kalezartarrentzako udal-ekipamendua. Kanpoko egitura definituta, iaz parte hartze prozesu bidez, Pelaioenea barrutik nolakoa izan behar zuen erabakitzen hasi ziren egitasmo batean zein bestean interesdun izan daitezkeen herritarrak; Emakumeen Etxearen kasuan, herri eragile feministak, herriko emakumeak nahiz udal parekidetasun saila. Kalezartarrentzako udal-ekipamenduaren proiektuan, auzotarrak. 

Usurbilgo Udalak Elhuyarrekin batera bideraturiko prozesuak aurrerabidean dira. Bi egitasmo hauen bueltan sortu diren mugimenduen bueltan bi bilera deitu dituzte aste honetarako. Orain arte egindako lanketa berreikusi eta Emakumen Etxea sortu arterainoko urratsak marrazteko bilera ostegun honetan, ekainaren 3an, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Agenda kontuak tarteko ordea, uda ostera atzeratzea erabaki dute.

Bestetik, auzotarrek eskatmuta, kalezartarrekin biltzekoa da Usurbilgo Udala larunbat goizean, ekainaren 5ean, goizeko 11:00etan Haur Eskolan. "Auzotarrek eskatua da, batik bat, hirigintza gaiei buruz hitz egiteko", zehaztu dute Udaletik.

Exekuzio proiektua idazteko lehiaketa
Kalezarko auzo-ekipamendua eta Emakumeen Etxea barne hartuko dituen Pelaioenea hutsik dago. Laster barrukoa osatzen hasi asmo dira. "Epe motzean, barrutik egituratzeko exekuzio proiektua idazteko lehiaketa abiatuko da udalak: enpresek euren proposamenak aurkeztu eta horietako bat aukeratu beharko du udalak", Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez.