Kalezarko plazan ibilitako perikitoa auzoko etxe batean da

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 30a, 08:13

Asteburuan Kalezarko Kultur Birako ekitaldietan plaza inguruan ibilitako perikitoa auzoko etxe batean sartu zen aste hasieran eta bertan da. Bizileku honetatik hots egin diote NOAUA!ri.

Perikito koloretsu eta bizia hegan ibili zen asteburuan Kalezarren, plaza inguruan. Kultur Birako ekitaldien parte hartzaileren baten sorbalda gainera igo eta lasai asko egoteko arazorik ez zuela nabari zitzaion. Argitzeke da oraingoz nondik zetorren, baina argi da, jendartean elkarbizitzera ohitua dagoela. 

Kalezarko plazan bueltaka ibili ostean, auzoko etxebizitza batean sartu da aste hasiera honetan eta handik deitu diote NOAUA!ri. Bertan da perikitoa. Inork falta badu, honako telefono zenbaki hau jarri dute eskura Kalezarko bizilagunok; 628 620 405.

Txakurkumea eta moxala
Zenbait animalia desagertu edo galdu direla berri eman digute bide ezberdinetatik egunotan. Perikitoaz gain, iragan aste hasieran, herritar batek telefono bidez hedabide honi ohartarazi zionez, txakurkume bat aurkitu zuen Olarrondo inguruan. Deskribatu zigunez, txakurkume eme bat, kolore marroiduna. Lepoko marroia zeramana. Telefono zenbaki bat ere utzi zigun, baldin eta inork deskribapen honekin bat datorren animaliaren bat falta zaiola jabetuz gero, berarekin hartuemanetan jartzeko; 685 473 499.

Azkenik, asteburuan sare sozialen bidez Twitterreko erabiltzaile Urko Odriozolak ohartarazitakoa. Moxala lapurtu ziotela ekainaren 23an, Aginagako lehengusuari. "Arra da, marroia ile beltzarekin eta orbain zuria du kopetean. Orain bi hilabete inguru ditu", deskribatu zuen. Inork zerbait jakinez gero, bere https://twitter.com/urtzai helbidera idaztea eskatzen zuen.