Herriko historiaren antzokian bilakatu dute Kalezar

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 6a, 15:09

Usurbilek "herribildu" izaera eskuratu zuenetik 650 urte bete dira aurten. Herriko historiaren pasarte ezberdinak antzeztu dituzte, 1371. urtean herrigunea zen Kalezarko bizilagunek. Saio ederra eta txalotua.

Kalezar antzoki erraldoian bilakatu dute larunbat eguerdi honetan. Protagonistak, mendeetan atzera bidaiatzen lagundu gaituzten bizilagunak. Mendeetan atzera, herri honen historiaren hainbat pasarte esanguratsuetara. "Herribildu" antzezlana hain zuzen, Usurbilek herribildu izaera eskuratu zuenetik 650 urte bete berritan eskaini dute eta.

Auzoa eta auzotarrak garai haren isla bilakatu dituzte, egoki jantzita. Kalezarko txoko esanguratsuetan barrena eskaini duten antzezlan ibiltariaren bidez, 1371. urteko irailaren 11 ekarri digute gogora, Usurbil ofizialki "herribildu" bilakatu zuten eguna. Garai hartako herritarrekin zituzten harremanak, orduko ogibideak... Udaletxea eta alkate zena ezagutu ditugu. Koplaka, dantzan, antzezten... belaunaldi ezberdinetako kalezartarrak. Egoki asko esan daiteke, herri antzerki borobila eskaini dutela. Eta edertasuna txalotu dute bertara joandakoek.