“Usurbilek nortasun propioa du. Punta-puntako garapen ekonomikoa izan du”

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 8a, 11:49

650 urte igaro dira Usurbil hiribildu izendatu zutenetik; 1371. urteko irailaren 11n izan zen. Urtemuga honen harira herri antzerki ibiltaria eskaini zuten Kalezarko Belmonte auzo elkartekoek larunbatean. Herriko historiaren hainbat pasarte antzeztu zituzten. Sortze lan hau, Lourdes Odriozola Oiarbide historialariaren lan batean oinarritua dagoela eman zioten aditzera kalezartarrek NOAUA!-ri duela bi asteko aldizkarian. Historialariarengana jo dugu argibide gehiago jaso asmoz.

Donostia lehen
2004an amaitu zuen herri honi buruz aurreko ia hiru urteetan egin zuen lanketa. Bi fase bereizi dizkigu. Lehenik, “Usurbili buruzko dokumentazioaren bilaketa”. Lan oso erraza ez, suteak tarteko. Usurbilgo udaletxea, 1870ean eraikitzen amaitu zutena 1876-77 bueltan erre zela kontatu digu Odriozolak. Mende haren amaieran 1890 inguruan eraiki zuten berria, baina “berriz 1907an beste sute bat izan eta dokumentazioa erre zen”. Ondorioz, herriko udal artxiboarekin batera, “bilketa bat egin nuen Gipuzkoako artxiboetan, Oñatin eta Tolosan”. Jasotako informazioarekin osatu zuen, 1371n hasi eta 2004ra arteko historia biltzen duen 400etik gora orrialdeko lana.

Herri honen sorreraz mintzo da. Gaztelako Enrike II erregeak hiribildu tituluarekin izendatu zuen 1371. urteko irailaren 11n "Belmonte de Usurbil". Sorrera horretaraino heldu aurreko gertaerez baita. 1180. urte inguruan, “Nafarroako erregeak Donostiari herri gutuna ematen dio eta hiria sortzen da. Donostiari lur eremu oso zabala ematen dio eta Usurbil bertan da”, inguruko gainerako herriekin batera. Pixkanaka, “Donostia lursailak galtzen doa, herri batzuk sortzen doaz”. Lehenik kostaldekoak, geroxeago barrualdekoak. Usurbilek hiribildu titulua 1371n jasotzen du. Eta horrekin “Usurbilek udalerri independentea izatea lortzen du, bere alkate, zinegotzi… propioekin”. Horrekin batera, baita “hirigunea babesteko harresi bat izatea”.

“Bizileku berri bat”
Berezitasunik badu sorrera garai hark. “Bizileku berri bat” sortzen da, Odriozolak azaldu digunez. “Lehenago, biztanleria Elizalde inguruan kokatua zegoen, Kaleberrin”. Baina garai hartan, egungo Kalezarren bueltan kokatzen da herrigunea. “Hasiera batean, orografía aldetik leku hobea da Elizalde Kalezar baino, Kalezar muino batean kokatua baitago eta kokaguneak hirigintza eta ekonomia garapena mugatzen du”. Halere ordea, herrigunea Kalezarren kokatu eta “behealdean harresi bat” eraikitzea erabakitzen dute.

Odriozolaren esanetan, “Elizalden garai hartan Eliza, apaiz-etxea eta etxe multzo bat ageri da. Hirigintza garapena Kalezarren gertatzen da”. Zergatia historialariak azaldu du. “Elizaren antolamenduarekin lotua dago”. Patronatu ezberdinak zeuden, publikoak eta pribatuak. Usurbilen, “bere patronoa pertsona pribatu bat zen; Atxegako jauna”. Lourdesen esanetan, “ez dago halakorik baiezta dezakeen dokumentu idatzirik” baina badirudi Atxega jaunarekiko “distantzia mantentzeko, bere kontrolpetik at, bere mende ez egoteko” kokatu zutela herrigunea Kalezarren.

Denborarekin ordea, “XVII. mendetik jendea Kalezarretik Elizaldera jaisten hasten da”. Besteak beste, udaletxea bera ere Kalezarretik Kaleberrira lekuz aldatzen dute.

Antolamendu berezia, “ondo kudeatzeko oso zaila”
Herri honen sorrera garaiaz historialariak adierazi digunez, “agian ez da gaur egun politikoki oso zuzena hau adieraztea baina, herritarren eta erregearen aldetik interes eta adostasun bat zegoelako sortzen da”, beti ere, “historia garaiko ikuspuntuarekin eta begiekin ikusita”, irizten dio Odriozolak. Orduko biztanleriak, “eskubide batzuk bilatzen ditu, Donostiatik udalerri independentea izatea”.

Usurbilek garai hartan, “antolamendu oso berezia du, ondo kudeatzeko oso zaila”. Batetik, funtzionamendu propioa duen Aginaga, “gune estrategikoa ekonomikoki eta komunikabideen aldetik”. Bestetik, antolamendu bereziarekin Zubieta.

“Estrategikoki oso ondo kokatua”
Garaiko, XIV.mende amaierako herri hura marrazteko eskatu diogu historialariari. Biztanle kopurua egungoarekin alderatuta askoz murritzagoa zen noski. “Gerra desberdinak daude eta hemen biztanleriak babesa bilatu nahi du bere garapena lortzeko”. Orduko herritarrek argi dute, herria “estrategikoki oso ondo kokatua dago. Komunikabide nagusiak ibaiak ziren”. Aberastasun iturri baita. Burdinaren garraiobidea zen Europarantz. Ez zituzten elikagaiak “ibaitik eta itsasotik” arrantzan eskuratzen zituzten. Errio bazterrean, “izokinaren arrantzak garrantzi handia zuen Usurbilen”. Ibaiak, “garaiko autopistak” ziren historialariaren esanetan, “bere azpiegitura propioak zituen, portu txikiak, produktuak kargatu eta deskargatzeko”.

Lur eremuotan bestalde, “sagardo asko ekoizten zen”. Baina historialariak bereziki goraipatzen duena, garai hartan ontzigintzak izandako garrantzia zen. “Europatik ekartzen dira elikagaiak eta beste produktuak. Foruak genituen eta horrek merkataritza babestu zuen. Europatik zetozen produktuek ez zuten ordaintzen zergarik Gipuzkoan eta guk saltzen genituenak ere ez”. Horregatik dio, “ez da kasualitatea ontzigintza hain garrantzitsua izatea Gipuzkoan eta bereziki Usurbilen”. Odriozolaren esanetan, “Usurbil Pasaia bezain garrantzitsua eta zenbait uneetan askoz garrantzitsuagoa izan da ontzien eraikuntzan. Datuak hor daude. Merkataritzara bideratuko ziren 1.200 tonako ontziak egiten ziren”.

Usurbilgo historiaz arreta deitu dion beste alderdirik ere bada. Beste hainbat herrietan bezala, “Usurbilen ere izan zirela, botere politiko eta ekonomiko handia izan zuten familia batzuk. Baina bere herriarekiko sentimendu oso handia izan dutenak. Haiek zutena herrian garatzen saiatu ziren”. Bi kasu aipatzen ditu; “Soroa kapitaina, Saroe etxearen jabea eta Mutiozabal familia”. Faktore guztiok egin zuten historialariaren esanetan, “Usurbilek bere urte oparoenak bizitzea, beste herriak krisi sakonean zeudenean”.

Balorean jartzeko modukoa
2000. hamarkada hasieran egindako lanketatik ondorio argia atera du Lourdesek. “Usurbilek nortasun propioa du. Bere garapen ekonomikoa puntakoa izan du. Herri handia izan da eta hala izaten jarraitzen du, eta ez naiz Usurbilgoa e!”. Herri honen historia uste du “ez dela ezaguna ez Usurbil barruan ezta Usurbildik kanpo ere”. Bere esanetan, “herria altxor bat da. Ospakizun honek balio dezala hausnartzeko, herria balorean jartzeko”.