Adinekoen auzune berriaren eraikigarritasuna handitzeko erabakia, alegazio epean

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 25a, 08:30

Kalezarren Matia Usurbilgo udalarekin elkarlanean eraikitzen ari den adinekoen auzunearen eraikigarritasuna handitzea hasieraz eta aho batez onartu zuen udalbatzak abenduaren 23an egin zuten osoko bilkuran. Horretarako, A-96 eta A-97, Portalmusu eta Komentua izeneko lur eremuetako Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualari bide ematea erabaki zuten. Alegazioak aurkezteko hilabeteko epea zabalduko da asteazkenetik (urtarrilak 26) aurrera, gaurko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak kaleratu duen Usurbilgo Udalaren iragarkiak dakarrenez.

Alkateak urte amaierako udalbatzarrean gogorarazi zuen bai Udalak eta Matiak duten konpromisoa; “zaintza ekosistema berri bat eraikitzekoa” hain zuzen. Testuinguru horretan eragile eta norbanakoein batera abian den eredu horren inguruko hausnarketarako parte hartze prozesua ekarri zuen gogora. Hortik “ateratzen ari diren zaintzarako eta eredu eta zerbitzu berriak”. Tartean “bizikidetza unitateetan pentsaturiko bizi osorako etxebizitzak” eraikitzeko aukera egon zitekeela ere planteatu da, zaintza beharrean izan eta zaintzen ari direnentzat hain zuzen. Zaindua eta zaintzailea batera bizitzera joateko aukera eamngo luketen bizilekuak, Kalezarreko adinekoen auzune berri horretan kokatuta egonik, “zentroko zerbitzuak baliatzeko” aukera eskainiko luketenak gainera.

Etxebizitza hauek kokatu ahal izateko ordea, lur eremu horren eraikigarritasuna handitu beharra dago, udal gobernu taldetik abenduaren 23ko osoko bilkuran adierazi zutenez, egungo planeamenduan agortua baitzen eraikigarritasuna, nahiz egon badauden “erabiliko ez ziren espazioak”. Azken udalbatzar honetan hartutako erabakiak bide berri bat zabaltzen du, eraikigarritasuna 1.700 metro karratutan handitzekoa. “6 etxebizitza eraikitzeko aukera egongo litzateke espazio horretan”, alkateak azaldu zuenez, ez soilik usurbildarrei “Gipuzkoa ekialdean” egon litezkeen beharrei erantzuteko. Usurbilgo Udalak Matiarekin izandako hartuemanek ordea, ahalbidetu dute konpromiso bat erdiestea; sei etxebizitza hauetatik “bitan usurbildarrei lehentasuna emateko”, usurbildarren artean bizilekuon beharrik egongo balitz.

Proiektu honen berritasuna nabarmentzen dute udal gobernu taldetik. “Mota honetako etxerik ez da inon”, alkatearen esanetan.

Aretoa eta aparkalekua
Eraikigarritasuna handitzeak ordea sei etxebizitzok kokatzeko soilik ez, aukera emango du baita erabilera anitzeko 226 metro karratuko areto bat altxatzekoa, baita erabilera publikoko zortzi aparkaleku plaza sortzekoa ere.