Adinekoen auzunera bisita

"Iraupen luzeko zainketen sostengarritasuna bermatzea helburu duen ekosistema bati buruz ari gara"

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 4a, 16:55

Zaintzaren ekosistema berri bat eskainiko du Kalezarren eraikitzen ari diren adinekoen auzuneak berriak. Berritzailea, aitzindaria Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak, Udaleko, Foru Aldundiko eta Matiako ordezkariekin batera ostiral goizean eraikitze lanetara egin duten bisitan adierazi duenez. Tokiko zaintza ekosistema bat eraikitzeko prozesu betean dela herria gogorarazi du eta baliabideak eskatu ditu udalentzat, "eredu berriaren muina tokiko zaintza ekosistemak izango badira".

Euskal Herri mailan proiektu berritzaile eta aitzindari gisa aurkeztu die hedabideei Kalezarren eraikitzen ari diren adinekoen auzunea Usurbilgo Udaleko alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak hedabideei, ostiral goizean Usurbilgo Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Matia Fundazioko ordezkariek lanen eremura egin duten bisitan. "Ez soilik alderdi sozialetik" zioenez, baita "hirigintza alorretik erreparatuta" ere.

Nabarmendu duenez, Matiak estreinakoz "arreta eredu berri bat martxan jarriko du" Kalezarren, "halabeharrez hona etorri behar izan duten pertsonak etxean bezala senti daitezen lortzeko". Zaintza ekosistema berri bat dakar Kalezarren eraikitzen ari diren adinekoen auzuneak. Hala zioen Usurbilgo alkateak goizean hedabideen aurrean; Udalak Aldundiarekin batera estrategia oso bat diseinatu duela.  "Iraupen luzeko zainketen sostengarritasuna bermatzea helburu duen ekosistema bati buruz ari gara, Usurbilen errotua, oinarri komunitarioa duena. Pertsonen nahiak aintzat hartzeko bokazioa duen ekosistema bat da, etxeetara bideratua, edota etxeak bezalako alojamenduak sortu nahi dituena". Eredu horretan kokatu ditu bai adinekoen auzune berri hau nahiz handik hurbil Ugartondon eraikitzen ari diren belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa ere, Txirikorda.

Etxean bezala
Egitasmo batek zein besteak etxean bezala sentiaraztea eskaini nahi die zaintza beharrean diren pertsonei. Modu horretan, hain zuzen zainduak izateko beharra dutenen %90ak baino gehiagok adierazitako borondatearekin bat egiten duela proiektuak nabarmendu du Usurbilgo alkateak. "Zaintza behar duten pertsonen gehiengoak %90ak baino gehiagok esaten duelako zaintza behar izanda ere etxean izan nahi duela zaindua, eta beraz hori bada gure herritarren gehiengoaren nahia, erakundeok nahi horri erantzun behar diogu".

Nahi horri erantzuteko zer egingo dugun galdetu behar diogu geure buruari Solaberrietak adierazi duenez, eta galdera horri erantzuten hasia dela Usurbilgo herria, modu kolektiboan iaztik egiten ari den gogoeta prozesuarekin, "hasieratik garbi izan dugulako herrian tokiko zaintza ekosistema bat eraiki behar badugu, eraikuntza horrek kolektiboa izan behar duela, behetik gorakoa eta elkarlanean eraikitakoa izan behar duela, sektorearekin, erakundeon eta herritarron artean".

Baliabide beharrean
Eta hala egiten ari dira iazko udaberritik Potxoenean. "Premia horretatik sortu eta martxan dugu parte hartze prozesu oso zabala. Zaintzari ikuspegi integraletik erantzun nahi diogu eta esan dezakegu zaintzaren ikuspegi guztiak daudela prozesu honetan barnebilduta". Prozesuko parte hartzaileak jarri ditu adibide moduan. "Gure herrian zaintza lanak eskaintzen dituzten enpresetako ordezkariak ari dira parte hartzen, herrian nahiz herritik kanpo ari diren langile profesionalak, gehienak migratzaileak diren etxeko langileak, menpeko pertsona duten senideak, zaintza behar duten herritarrak, elkarteetako ordezkariak, mugimendu feminista ere, guretzat garrantzitsua delako zaintza ekosistema horretan genero ikuspegia bermatzea eta ekosistema berri hori genero ikuspegitik ere heltzea. Eta nola ez, erakundeok". Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Osakidetza.

Hedabideen aurreko agerraldia baliatu nahi izan du Usurbilgo alkateak, adierazteko "eraldaketa hau erabatekoa" izateko, "eskumenak ditugun erakunde guztiok zein sektoreak norabide berean arraun egitea estrategia integral baten baitan". Eta norabide horretan, gaineratu duenez, "agendak sinkronizatzea, guztion artean trantsizio hau nola egin nahi dugun adostea eta herri akordio zabalak lortzea". Eta horrekin batera babesa eta baliabideak eskatu ditu Solaberrietak. "Eredu berriaren muina tokiko zaintza ekosistemak izango badira, horrek eskatzen du udaloi ere baliabide gehiago bideratzea, bide hau egiten ari garen udaloi babes juridiko bat bermatzea, eta horretarako lankidetza hitzarmenak sinatzea, horretarako eskumenak ditugun guztion artean".